AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/26 09:48

Mendebaldeko hainbat instituzio, gobernu eta politikari Palestinako Estatua onartzeko egiten ari diren azken mugimenduen harira, ohar bat argitaratu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS), haien guztien hipokrisia salatzeko. Izan ere, aitortza hori "aurrerapauso bat izatetik urrun", "aurpegi zuriketa" dela uste du: "Ez gaitzatela engainatu, Mendebaldeko agintarien babesa Israeli erabatekoa izan da orain arte eta honen izateko arrazoia babesten jarraituko dute aurrerantzean ere".

Espainiako eta Frantziako gobernuen hitz hutsalak

EHKSren esanetan, agintaritzen "biraketa horrek Palestinaren aldeko mobilizazioen areagotzeari erantzuten" dio, eta hori "nabarmena" da, esaterako, PSOEren kasuan: "Vueltako protesten eta Estatuko barne-politikaren egoera dela-eta hartu dute Mendebaldeko agintarien artean kausa palestinarrean buru izateko erabakia [...]. Hitzen eta ekintzen arteko tartea ezin handiagoa da, armen enbargoan jasotako klausula bereziak adibidez adierazten duen bezala". 

"Frantziako Gobernuaren hipokrisia are nabarmenagoa" dela azaldu du, gainera: "Macron NBEren aurrean antzezten ari den bitartean, Israelekin kolaboratzen jarraitzen du eta Palestinaren aldeko edozein elkartasun-keinu erreprimitzen du".

"Bi estatuen soluzioak sionismoa zuritzea dakar"

EHKSk adierazi du "Palestinako Estatuaren aitortzak ez duela balio, Israelen ofentsibak bere horretan jarraituko duela jakinda"; ohartarazteaz gain "bi estatuen soluzioa iruzurra dela" eta "Mendebaldeko oligarkiak Israelen bitartez Ekialde Hurbilean aplikatzen duen proiektu iperialista zuritzeko balio duela". "Hasieratik hori salatzen gabiltza Palestinarekin Elkartasuna plataformatik, beste hainbat eragilerekin batera, aurrez Euskal Herriko Palestinaren aldeko mugimenduak hamarkadatan egin modura".

"Israel Estatu kapitalista, koloniala eta espantsionista" dela gogorarazi du Mugimendu Sozialistako antolakundeak, halako proiektuek nola funtzionatzen duten gogoraraztearekin batera; hau da, "okupatutako lurraldearen (kasu honetan Palestina) biztanleriaren genozidioa eta desplazamendua gauzatuz". Eta gaineratu du: "Israelen proiektu estrategikoa Palestinaren okupazio osoa da, eta hori jakin badakite Israelen existentzia estrategikoki babesten duten Mendebaldeko potentziek. Mendebaldean, beraz, bi estatuen soluzioak sionismoa zuritzea dakar".

Palestinarren erresistentziarako eskubidea eta sionistekiko loturen apurketa

EHKSk funtsezkotzat jo du "Palestinako herri langilearen erresistentzia-eskubidea babestea". Sakondu duenez, "Hamas taldearen aurkako Mendebaldeko agintarien kritikek Palestinaren defendatzeko eskubide ororen ukapena ezkutatzen dute" eta "erresistentzia oro gaitzetsiko lukete, horrek sionismoarekin konfrontatzen duen heinean".

Bestalde, "Israelekin mota guztietako akordioen apurketa sustatzea" hartu du beharrezkotzat, "Mendebaldeko agintariek eta enpresariek hainbat eta hainbat akordio mantentzen dituztelako Israelekin". "Horiek guztiak konfrontatu eta mota guztietako akordioen hausturaren alde egin behar dugu lan, Israelen zein hura sostengatzen duen Mendebaldeko oligarkiaren aurka presioa areagotzeko modu bezala", dio antolakundeak.

Zereginak eragile komunista gisa

Antolakunde gisa egin beharrekoen inguruan ere aritu da EHKS. "Uste dugu gure momentuko egitekoak honakoak direla eragile komunista gisa gure lurraldean: Israelen kontra mobilizatzea, Mendebaldeko agintarien konplizitatea eta aurpegi zuriketa salatzea, Palestinako herri langilearen erresistentzia-eskubidea defendatzea eta legitimatzea, eta Israelekin existitzen diren mota guztietako akordioen apurketa exijitzea".

Izan ere, salatu du "Israel genozidioa gauzatzen ari dela ez daukalako nazioartean oposizio politikorik", eta "langileriaren bloke politiko independentea berrosatzea" dela "palestinarren kontrako garbiketa etnikoa eta kapitalismoak eragiten dituen bestelako sarraskiak gelditzeko bermea". Horrekin lotuta, Ikasle Abertzaleakek (IA) urriaren 2rako antolatu duen ikasle-grebara batzera deitu du, baita Palestinarekin Elkartasunak urriaren 4an Iruñean (Nafarroa) egingo duen manifestazioan parte hartzera ere.

EZ DAGO IRUZKINIK