"Ez dakit ez zein kartzelatara eramango nauten ez zenbat denborarako", azaldu zuen Pablo Hasel rap abeslariak espetxeratze agindua jaso ondorengo oharrean. "Besteak beste, borrokengatik pilatutako kausak, helegitea jartzeko zain dauden zigorrak eta egiteko dauden epaiketak kontuan hartuta, ia 20 urte pasa nitzake espetxean", zioen.
Atzo Lleidako (Herrialde Katalanak) unibertsitatetik eraman zuten mossoek rap abeslari eta militante komunista, "estatu faxista akabatu" eta "amnistia osoa" oihukatzen zuen bitartean. Kasu honetan, Espainiako Auzitegi Nazionalak bederatzi hilabeteko espetxe zigorra, sei urteko inhabilitazioa eta ia 30.000 euroko isuna ezarri zizkion, abestietan "terrorismoari gorazarre" eta "Koroari eta Estatuko erakundeei irain" egin izana leporatuta.
Haren atxiloketa salatzeko, mobilizazioak izan dira, besteak beste, Herrialde Katalanetan nahiz Espainiako Estatuko zenbait herritan. Poliziak protestan zeudenen aurka jo du hainbat kasutan; zenbait lagunek, aldiz, Viceko (Herrialde Katalanak) polizia-etxe baten aurka egin dute, besteak beste.
Euskal Herrian ere salatu dute Haselen espetxeratzea, esaterako, Donostian (Gipuzkoa), Iruñean (Nafarroa) eta Portugaleten (Bizkaia).
DATOZEN DEIALDI BATZUK
Hona hemen datozen egunetarako Euskal Herriko hainbat txokotan egin dituzten deialdiak:
Otsailak 17, asteazkena:
Otsailak 18, osteguna:
Otsailak 21, igandea:
IA-REN MOBILIZAZIOAK
Hego Euskal Herriko hainbat campusetan ere mobilizatzera dei egin du Ikasle Abertzaleakek, hain zuzen, biharko. Demokrazia burgesaren aurrean, proletalgoaren adierazpen askatasuna defendatu! lemarekin egin ditu deialdiak. IAk gaur azaldu duenez, "Pablo Haselen absoluzioa eta berehalako kaleratzea" exijituko ditu elkarretaratzeetan, "amnistiaren beharrezkotasuna" azpimarratzearekin batera.
Errepresio kasu berri honen gaineko irakurketa ere egin dute IAko kideek: "Proletariotzaren bizitza burgesiaren interesen menpe dago erabat, hark erabakitzen du noiz eta nola den zilegia proletariotzaren iritzia. Finean, hori baita demokrazia burgesa: kapitalaren despotismoa".
IAk ondoko deialdiak egin ditu biharko:
EUSKAL HERRIKO MUSIKARIEN ELKARTASUNA
Bestalde, Haselek espetxeratze agindua jaso zuenean, elkartasuna adierazteko adierazpen bat osatu zuten Durangaldeko (Bizkaia) hainbat musikarik. Egunek aurrera egin ahala, Euskal Herriko hainbat eta hainbat musika talde eta musikari atxiki dira elkartasun keinu horretara eta, gaur-gaurkoz, ehunka dira atxikimenduak. 'Euskal musika errepresioaren aurka! Amnistia Osoa! Pablo Hasel aske!' aldarripean batu dira guztiak, eta @atxikimenduakpablohasel Instagram kontuan ikus daitezke atxikimendu guztiak.