Pablo Gonzalezek ia urte eta erdi darama Polonian preso, behin-behineko espetxealdian. Oraindik ez dute zehaztu zer kargu zehatz egozten dizkioten kazetari nabarniztarrari, eta, beraz, ez dute bere kontrako ustezko frogen berri eman. Leporatutako delituak "oso larriak" direla adierazi zuten Espainiako eta Poloniako Atzerri ministroek joan den maiatzean, baina zehastasunik eman gabe. Hala ere, behin-behineko kartzelaldian mantentzen dute Gonzalez, eta behin eta berriz luzatzen dute erabaki hori auzitegiek.
Hori gutxi balitz, kazetariaren askatasunaren alde Madrilen antolatutako babes taldeak berriki salatu du ez zaizkiola gutunak behar bezala iristen. "Lekukotasuna eman dezaket, Poloniako agintariek itzuli egin dituztela Pablo Gonzalezi zuzendutako, gutxienez, hamahiru gutun", esan du babes taldeko kide Santiago Gonzalezek.
Urtebete baino gehiago izan dute isolamendu-erregimen gogorrean: egunean 23 orduz eduki dute zeldan bakartuta, une oro egon da kontrolatuta, osasun-arreta ukatu izan diote, eta ia erabateko inkomunikazioan izan dute, bere gertukoekin eta konfiantzazko abokatuekin kontaktuan egotea galarazita.