AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/24 11:37

Atzo bildu ziren Valentzian Espainiako Estatuko, Poloniako eta Errumaniako Atzerri ministroak. Bileraren ondoren agerraldi bat egin zuten, eta Pablo Gonzalezen inguruan galdetu zioten kazetariek Poloniako agintariari. Poloniako autoritateek nabarniztarrari buruz egindako lehen adierazpen ofizialak izan ziren atzokoak.

Zbigniew Rau Poloniako Atzerri ministroak esan zuen Gonzalezen aurkako epaiketa "erlatiboki laster" izatea espero duela. "Sinetsi, Espainiaren eta Poloniaren interesa da auzia ixtea eta amaitzea, baina akusazioa ondo prestatu behar da", gaineratu zuen. Adierazi zuen "oso larriak" direla kazetariari leporatutako delituak, baina ez zuen inolako zehaztasunik eman.

Gonzalezen kontrako karguak "oso larriak" eta "oso serioak" direla baieztatu zuen atzo Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak ere. Jakinarazi zuen, gainera, sarri hitz egiten duela Poloniako ministroarekin auzi horri buruz. Nabarniztarraren eskubideak urratzen ez zirela ere ziurtatu omen dute Espainiako autoritateek, Albaresen esanetan.

Urtebete baino gehiagoko behin-behineko kartzelaldia

2022ko otsailean atxilotu eta espetxeratu zuten Gonzalez Polonian, Ukrainan gerrak leher egin ostean, errefuxiatu-olatuaren berri ematen ari zenean. Behin-behineko kartzelaldian daukate oraindik, eta epaiketaren data ez dago jarrita. Akusazioak zehazki zeintzuk diren ere ez dute azaldu oraindik, baina Errusiaren alde espioi modura aritzea egotzi diote.

Ia urtebete izan dute isolamendu egoeran, eta hilabete honen hasieran esan zuen #FreePabloGonzalez plataformak bakartze-erregimenetik atera zutela kazetaria. Atxilotu zutenetik, sistematikoki urratu dizkiote oinarrizko eskubideak: "preso arriskutsutzat" jota, egunean 23 orduz izan dute zeldan bakartuta, eta une oro egon da kontrolatuta. Osasun-arreta ukatu izan diote, eta ia erabateko inkomunikazioan eduki dute. Hilabete luzez ukatu zioten bere gertukoekin eta bere konfiantzazko abokatuekin kontaktuan egotea, eta iazko azaroan izan zuen aurreneko bisita.

EZ DAGO IRUZKINIK