AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/10 09:41

Pablo Gonzalez kazetari nabarniztarraren aurkako prozedura penala artxibatzea erabaki du Varsoviako Distritu Auzitegiak, Anna Ptaszek epaileak egindako adierazpenen arabera. Epaileak erabakia justifikatu du esanez Gonzalez "jada ez dagoela Polonian" eta ez dutela aurreikusten "Errusia utziko duenik". Ebazpena aurrez Poloniako Fiskaltzak hartutako jarreraren kontrakoa da, 2024ko abuztuan iragarri baitzuen karguak aurkeztuko zituela, "espioitza" egotzita. Modu horretan, ikerketarekin jarraitzeko asmoa erakutsi zuen, nahiz eta akusatua bertan ez egon.

Gonzalezen abokatu Gonzalo Boyek Berria egunkariari azaldu dionez, defentsak oraindik ez du jaso auzitegiaren ebazpen ofiziala: "Orain arte dakigun guztia auzitegiaren prentsa-oharretik dator. Balorazioa egin baino lehen, epaia irakurri arte itxarongo dugu". Poloniako Fiskaltzak "2016 eta 2022 artean Errusiako inteligentzia-zerbitzuei informazioa helaraztea" leporatu zion Gonzalezi. Akusazioaren arabera, jarduera horiek "kalte zigorgarri" bat eragin zioten herrialdeari, eta horrek hiru eta hamabost urte arteko espetxe-zigorra ekar zezakeen.

2022ko otsailean atxilotu zuten kazetaria Poloniako segurtasun-zerbitzuek, Ukrainako gerraren testuinguruan, eta bi urte baino gehiago egin zituen Radomeko segurtasun goreneko espetxean, isolamendu-erregimenean. 2024ko abuztuan askatu zuten, Errusiaren eta NATOren arteko preso truke batean, eta, ondoren, Moskura joan zen; bere jaioterrira.

Ondoren, RT kateari egindako elkarrizketa batean, espetxean torturak eta beste presio-metodo batzuk jasan zituela salatu zuen. Bere kontrako karguak frogarik gabeko susmoetan oinarritzen zirela ere gogorarazi zuen, eta azpimarratu zuen atxilotu eta bederatzi hilabete igaro arte ez ziotela formalki jakinarazi bere aurkako akusazioa zein zen.

EZ DAGO IRUZKINIK