AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/04 10:45

Duela bi urte atxilotu eta espetxeratu zuten Pablo Gonzalez, Polonian. Kazetaritza-lanetan ari zen han, eta Ukrainako gerrak eragindako errefuxiatu-olatuaren berri ari zen ematen. Poloniako Justiziak behin eta berriz luzatu dio "behin-behineko" espetxealdia, azkenekoz, joan den otsailean. Hortaz, oraintsu bete ditu bi urte preso, nahiz eta oraindik ez dituzten bere kontrako froga zehatzak eta akusazio konkretua aurkeztu. Dena den, orain arte emandako informazioaren arabera, Errusiaren alde espioi modura jardutea leporatzen diote; hamar urterainokoa izan daiteke horri loturiko espetxe-zigorra.

Kazetari nabarniztarraren atxiloketaren bigarren urteurrenean, protestara deitu zuen Bilboko Kontseilu Sozialistak. Aurreko ostiralean izan zen elkarretaratzea, Espainiako Gobernuak Bizkaian daukan ordezkariordetza aurrean. Gonzalezen askatasuna exijitu zuten bertan, eta erantzule gisa seinalatu zituzten Espainiako Gobernua eta Europar Batasuna.

Busturialdeko Kontseilu Sozialistak ere bat egin zuen deialdiarekin. Gonzalezen atxiloketa "Ukrainako gerraren testuinguruan ulertu" behar dela azpimarratu dute Busturialdeko Kontseilu Sozialistako kideek. Ohartarazi dute, izan ere, "Mendebaldeko bloke inperialistak gerraren inguruko errelato bakarra inposatu" nahi izan duela, "NATO indartzeko eta bere esku-hartze militarra justifikatzeko".

EZ DAGO IRUZKINIK