Pablo Gonzalezek 42 urte bete zituen aurreko igandean, apirilaren 28an. Horren harira, Nabarnizen (Bizkaia) mobilizatu ziren hainbat eta hainbat pertsona; bertan eta Elantxoben (Bizkaia) bizi dira kazetariaren senideak eta lagunak. Urtebetetzea probestuta, berriz eskatu zuten Gonzalez aske utz dezatela, eta berriz salatu zuten "blokeatuta" dagoela egoera: oraindik ez daude zehaztuta ez epaiketaren data ez bere kontrako karguak, baina preso mantentzen dute Polonian.
Nabarniztarraren hurbilekoek igandean gogorarazi zutenez, bi urtetik gora daramatza preso, baina ez dago inolako berririk bere egoerari dagokionez: behin eta berriz luzatzen dio "behin-behineko" espetxealdia Poloniako Justiziak (zortzi aldiz ezarri dio luzapena), eta oraindik ez dituzte kazetariaren kontrako froga eta akusazio zehatzak mahaira atera.
"Kargurik ez badute, ez badute [Gonzalez] zertaz akusatu, utz dezatela aske kargurik gabe. Karguak aurkezten badizkiote, jar dezatela epaiketarako data, oraindik ez baitaukagu datarik. Bi urte eta bi hilabete pasatu dira eta ez dago ezertxo ere", jakinarazi zuen kazetariaren senideetako batek igandean.
2022ko otsailean atxilotua
Ukrainako gerrak leher egin eta berehala atxilotu zuten Gonzalez. Gerraren ondoriozko errefuxiatu-olatuaren berri ari zen ematen, Ukrainako mugatik gertu: Przemysl hirian atxilotu zuten Poloniako zerbitzu sekretuek. Itxura denez, Errusiako Federazioko Indar Armatuen Goi-Estatu Nagusiaren Direktorio Nagusiarentzat (GRU) espioi modura aritzea leporatzen diote, nahiz eta ez dituzten bere aurkako frogak argitu. Poloniako zigor kodearen barruan, 130.1 artikuluak aipatzen du espioitza: hamar urterainokoa izan daiteke ezarritako zigorra.
Gonzalezen gertukoek eta #FreeGonzalez plataformak hamaika aldiz eman dute nabarniztarrari egindako eskubide urraketen berri. 2023ko maiatzera arte izan zuten bakartze-erregimen gogor batean, alegia, urtebete baino gehiagoz. Egunean 23 orduz izan zuten inkomunikatuta, bost metro koadroko ziega batean, eta kanpoko argirik gabe.