AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/29 12:50

Laster izango da Raimundo El Canasteroren aurkako epaiketa, otsailaren 12an. Adierazpen-askatasunaren kontrako beste eraso bat tarteko, iazko udan jarri zuten jopuntuan musika-taldea, Lizarrako (Nafarroa) Udalaren jarrera autoritarioa salatzeko egindako kantarengatik. UPNren alkatetzak Lizarrako txosnak debekatzeko egindako mugimenduen harira sortu zuten Beef D'Alda abestia uztailean, eta soka luzea ekarri zuen horrek: hainbat festatan eta ekitalditan taldea zentsuratzen saiatu ziren, bere aurkako mozio bat onartu zuen Lizarrako Udalak alderdi guztien konplizitatearekin, zenbait hedabide intoxikatzailek kriminalizazio-kanpaina bat jarri zuten martxan bere kontra, eta abar.

Horretaz gain, ondorio judizialak ere izan ditu salaketa-abestiak. Raimundo El Canasteroko hainbat kide atxilotu eta deklaratzera deitu zituzten uztailaren bukaeran bertan, eta, azkenean, prozesu judizial bat ireki zuten musika-taldearen kontra. Berriki jakinarazi dute "sekulako malabare jokoa" egin dutela epaiketari begira, "Beef" adierazpenaren interpretazio oker bat hartu baitute oinarri akusazio batzuk egiteko.

Gezurra badirudi ere, Raimundo El Canasterok "Beef" hitza erabili izana ("liskar" eta antzekoak adierazteko baliatzen da) jartzen da jopuntuan akusazioan, benetako esanahia ulertu gabe, UPNko alkateari "txahal" deitzea leporatu baitiete taldekideei (behikiari ere "beef" esaten zaio ingelesez). Ulerkera oker hori dela-eta, "alkatearen ezaugarri fisikoak mespretxatzea" egozten diete. "Ez dakigu azkenean haiek izango diren guri adarra jotzen dabiltzanak edo ikerketa hain azkar eta intentzio txarrez egin ote duten", adierazi du taldeak: "Ematen du oraindik ez direla konturatu Beef terminoak horrelako testuinguru musikal batean duen esanahiaz".

Otsailaren 8an, kalera

"Animoa altu mantentzeko asmoz", otsailaren 8rako Lizarran hitzordu bat jarri dutela jakinarazi dute taldekideek. Elkartasun-egun bat prestatzen ari dira, eta dei egin dute bertaratzera. Horren aurretik, ostiral honetan, asanblada ireki bat egingo dute Sugarra Gaztetxean, 19:00etan hasita. "Adierazpen-askatasuna (ez zen hain zaila esatea), umore ona, satira, ironia eta adarjotzea defendatzen jarraituko dugu", aldarrikatu dute: "#BeefEzDaHaragia, protesta, kritika, tirabira edo kexa baizik, eta, jakina, musika egitea ez da delitua".

EZ DAGO IRUZKINIK