AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/26 19:57

Palestina zatitzeko Nazio Batuen Erakundearen (NBE) planaren 77. urteurrena dela-eta, mobilizazio deialdiak egin ditu Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Israel desegitera bidean, harreman oro eten lelopean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira protestak ostiral honetan, azaroaren 29an. 18:30ean hasiko dira Bilboko (Bizkaia), Donostiako (Gipuzkoa) eta Gasteizko (Araba) mobilizazioak; Moyuan, Bulebarrean eta Andre Mari Zuriaren Plazan, hurrenez hurren. Iruñeko (Nafarroa) protesta 19:00etan abiatuko da, udaletxe aurrean.

Palestinarekin Elkartasunak agerraldi baten bidez ohartarazi duenez, urriaren 7ko altxamenduaren ondotik, "hil ala biziko gurutzadan sartuta dago Israel, palestinarrak eta sionismoaren aurrean makurtzen ez diren gainerako herri langileak behin betiko garaitu nahian". Plataformaren esanetan, horixe baita estatu sionistak daukan "modu bakarra" gerrak dakartzan "ezegonkortasun ekonomiko eta politikoarekin" eta "bere irudia nazioartean izaten ari den higadurarekin" amaitzeko. Hortaz, "erasoaldia bizkortzen eta herrialde gehiagotara zabaltzen ari da", eta "Mendebaldeko Asian Israel egiten ari denak" erakusten du "kapitalismoak eragiten dituen suntsipenaren eta deshumanizazioaren aurpegirik gordinena".

Mendebaldearen babes sendoa

Hala ere, Palestinarekin Elkartasunak argitu du "akats larria" litzatekeela "Israel burua galdu duten agintarien kontrolpeko estatu bat dela sinestea". 1947an sinatu zuen Israel zatitzeko plana NBEk, eta horrek frogatzen du Israelgo Estatuaren sorrera ez litzatekela posible izango "Mendebaldeko bloke inperialistaren babesik gabe", plataformaren hitzetan.

Gaineratu du, aldi berean, entitate sionistaren "hedapena eta indartzea" ahalbidetu dutela "AEBen eta Europako potentzien babes zuzenak", eta "azken urteko erasoaldia" posible egin dutela "NATOren blokearen babes militar, komertzial eta diplomatikoak". "Mendebaldeko potentziek Israel sortu eta mantendu dute, beren interes geopolitiko nahiz komertzialak babesteko", seinalatu dutenez.

Israel hemen hasten da

"Israel hemen hasten da, Mendebaldeko herrialde kapitalista eta inperialistetan", azaldu dute plataformako kideek. Horregatik aldarrikatu dute funtsezkoa dela "estatu terroristaren desagerpenerako baldintzak hemen jartzen hastea", "aurrerapauso bat" emanda: "Gure egitekoa da Israeli arnasa ematen dioten harreman guztiak eteteko presioa biderkatzea".

Euskal Herrian bertan, Palestinarekin Elkartasunak oroitarazi duenez, "asko dira gure inguruan Israelekin salerosketan ibiltzen diren enpresak, genozidioari esker aberastu eta Israelen finantziazioa bermatzen dutenak; asko dira bere industria militarra zuzenean edo zeharka hornitzen duten enpresak; bere irudia indartzen duten kirol- eta kultur-ekitaldiak; baita Israelgo Estatuarekin harreman komertzial eta diplomatikoak mantentzen dituzten gobernu, diputazio eta alderdiak ere".

Palestinarekin Elkartasunaren kanpaina datozen hilabeteetan

Aurrekoari lotuta kanpaina bat egingo du plataformak hurrengo hilabeteetan: "Euskal Herriko agintari, enpresari eta bestelako agenteek Israelekin dituzten harremanak agerian utzi eta horien aurkako borrokak abiatuko ditugu". Lau harreman mota bereizi dituzte: militarrak, diplomatikoak, komertzialak eta kultur- eta kirol-harremanak. "Palestinaren askatasunera eta Israelen desagerpenera bidean", borroka egingo du Palestinarekin Elkartasunak, sionistekin "harreman oro eten" dadin.

EZ DAGO IRUZKINIK