AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Arrasateko Oskarbi denda. Argazkia: zapatosobi.com
2019/10/24 13:32

O-Bi oinetako enpresak kalera bota ditu Oskarbi dendetako zazpi langile, "ekonomia arazoak" eta "arrazoi objektiboak" argudiatuta. Arrasateko (Gipuzkoa), Zarauzko (Gipuzkoa) zein Azpeitiko (Gipuzkoa) beharginak daude tartean, eta azaldu dutenez, "lan baldintza duinagoak lortzeko eta prekarietateari aurre egiteko" antolatzen hasiak ziren, aurreneko urratsak emateko. Horrekin batera gertatu dira kaleratzeak. Hala, adierazi dute enpresak "gezurra" esan duela haiek kaleratu izana zuritzeko, eta horren benetako arrazoia, beharginak elkarrekin antolatzen hasi izana dela diote: "Enpresak langileen aurka erabili duen errepresalia da". "Hemen antolatzeko pausoa ematen duen edonork badaki zer duen ordainetan: kalera", gehitu dute.

Goiena-k jakinarazi duenez, hamabost urte baino gehiago zeramatzaten lanean kaleratutako zenbait langilek. Arrasaten langileek hainbat salaketa egin dituzte aurretik; esaterako, herrian bi denda zeuden lehen, baina egun batetik bestera itxi zuten bat. Uztarria-k jaso duenez, duela 25 urte jaio zen O-Bi enpresa, Oskarbi izenarekin. Egun hamaika denda dituzte martxan Gipuzkoan, eta bat Bizkaian.

Kaleratze bortitzak

Bestalde, kaleratzeak nola izan ziren ere azaldu dute erasoa jasan duten zenbait langilek, gaur egindako agerraldian. Enpresaren nagusia bat-batean dendan agertu zela diote; saltokiko giltzak emateko eskatu zien beharginei, eta horren ostean, atzetik jarraitu zien, dendatik ateratzera behartuz.