AKTUALITATEA / Soldata sistema
Osasun-langileen arteko soldata arrakala salatu dute Zadorra egoitzan
Larrialdia dela-eta foru egoitzetara lanera bidali dituzten eguneko zentroetako langileek foru langileek baino gutxiago kobratzen dute, salatu dutenez. Horixe da Zadorrako egoitzan gertatu dena, non aurretiaz Bizia eguneko zentroan aritzen ziren langileek soldata baxuagoak dituzten, lan eta ordutegi berdinak bete arren.
2020eko apirilaren 30
Osasun-langileen arteko soldata arrakala salatu dute Zadorra egoitzan

Osasun-larrialdiaren harira, martxoan, Arabako Foru Aldundiak Gasteizko (Araba) Zadorra foru egoitzara bidali zituen Bizia eguneko zentroko langileak. Martxotik ari dira bertan lanean, gaixo dauden adineko pertsonak artatzen. Dena den, bertako langileen lan, egutegi eta ordutegi berdinak bete arren, aurretik foru egoitzan jarduten zutenena baino soldata baxuagoak dituztela salatu dute eguneko zentroko beharginek; hain zuzen, "askoz gutxiago" irabazten dutela diote.

Gainera, langile gehienak emakumeak direla adierazi dute, lanerako tokiz aldatzean ordutegi berrietara egokitu behar izan dutenak. Araban, oraindik ez dago lurralde mailako hitzarmenik sektorean, Gipuzkoan eta Bizkaian badiren arren.