AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / ConSalud.es
2024/12/17 12:23

2016-2017 aldian, Osakidetzarako Enplegu Publikorako Eskaintzan (EPE), azterketak filtratu zituzten hainbat arduradunek. 2018an atera zen argitara ustelkeria kasu hori, hainbat sindikatuk salatu baitzuten filtrazioak izan zirela Anestesia eta Angiologia arloetako frogetan. Gerora, espezialitate gehiagotara ere zabaldu zuten susmoa, eta posible da norbaitzuek hemeretzi arlotako azterketak filtratu izana: horietan guztietan jarri zituen martxan eginbideak Euskadiko Fiskaltza Nagusiak.

Gasteizko (Araba) Instrukzioko 2. zenbakidun Epaitegiaren gain erori zen fiskaltzaren salaketa, eta oraintsu eman du bere erabakiaren berri: epaileak behin betiko artxibatu du auzia ikertutako hamazazpi pertsonaren kasuan, eta behin-behinean gainerako bien kasuan. Iritzi dio ez dagoela "delitu-zentzu arrazionalik", eta itxi egin nahi du irekitako prozeduraren instrukzioa. Aukera dago orain helegiteak aurkezteko.

Honela dio autoak: "Prozedura honetan ikertutako espezialitate guztiei dagokienez, Kirurgia Plastiko, Estetiko eta Konpontzailearena izan ezik, ez da inola ere eta ezein zantzurekin justifikatuta geratu espezialitate horietan ikertutako pertsonek [azterketetako] galderak filtratu zituztenik edo azterketak modu desleialean zaindu zituztenik". Hain justu, Kirurgia Plastiko, Estetiko eta Konpontzailearen arlokoak dira balizko auzian behin betiko baztertu ez dituen bi ikertu bakarrak.

Osakidetzarako oposizioetan atzemandako ustelkeria izan zen, bere garaian, IƱigo Urkulluren gobernuan izan zen polemika nagusietako bat. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek dimisioa aurkeztu zuen 2019an, eta Osakidetzako zuzendari orokor Maria Jesus Mujikak, Osakidetzako Giza-Baliabideen zuzendari Juan Carlos Sotok eta zuzendariorde Xabier Balerdik ere eman zuten dimisioa.

EZ DAGO IRUZKINIK