2018-1019 ikasturtean, Tolosako (Gipuzkoa) Ikasle Autodefentsa Sareak euskara eta historia irakasgaietako ebaluazio irizpideak aldatzeko borroka abiatu zuen Orixe ikastetxean. Ikasleen mesedera egongo ziren ebaluazio irizpideak lortzeko borrokak Euskal Herri osoan bilakatu zuen sinbolo autodefentsa sarea. Izan ere, baterajotze nazionala egin zuten Tolosan ikastetxeko zuzendaritzari presio egiteko. Era berean, ikasleek jasandako jazarpen autoritatioak salatu zituzten. Euskal Herriko hamaika txokotatik jaso zuen babesa deialdiak. Hala, behin manifestazioa eginda, zuzendaritzak ebaluazio irizpideak alda zitzan lortu zuten ikasleek.
Ikasturtea amaitu berri den honetan, TASek aurtengo ibilbidearen balorazioa egin du publiko. Idatzian, urtarrilean hasi zuten borrokak izan duen bilakaerari erreparatu diote; hala nola, zuzendaritzarekin izandako bilkura saiakerei, ikasleen prentsaurrekoei, sinadura bilketari, grebari berari, parodiari, Kirats Egunari eta mobilizazioei.
Ibilbidearen fruituak
Era berean, ibilbide horrek izandako ondorioak eta erantzunak ere mahaira atera dituzte; esaterako, difamazioa, gezurrak, kaleratzeak eta zigorrak aipatu dituzte. Orixekoa ez da TASek ikasturte honetan abiatu duen borroka bakarra izan. Idatzian azaldu dutenez, Laskorain ikastetxean ikasle gelaren aldeko borroka jarri dute martxan, eta datorren ikasturtean, ikasleek gela propioa izango dute.
Ibilbidearen azalpena eginda, otsailaren 22an egin zuten baterajotze nazionalean jarri dute azpimarra. Baterajotzearen ondoren izan duten "norabide aldaketa" nabarmendu dute; ikasleek Ikuskaritzarekin eta Mintegi Buruarekin biltzeko aukera izan badute, borrokak "dimentsio nazionala" hartu duelako izan dela adierazi dute.
TASek ebaluazio irizpideak aldatzea lortu bazuen ere, sareko kideek nabarmendu dute euren borroka ez zela Orixen amaitu. Aurrerago aipatu bezala, Laskoraineko ikasle gelaren aldeko borrokan murgildu eta "garaipena eskuratu zutela" diote.
Amaitzeko, eskerrak eman dizkiete "euren borrokaren parte" bilakatu diren guztiei. Borrokaren "eredugarritasuna" goraipatu dute, eta aurrera egiteko "indarrez" daudela adierazi.
Balorazio oharra osorik, hemen