AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/20 10:23

Ziurgabetasuna, gehiegizko tasak, kalitate txarra... Horiek dira, besteak beste, Oreretako (Gipuzkoa) Lousada kaleko 40. zenbakiko bizilagunek jasan behar dituzten baldintzetako batzuk. Alokairu sozialeko etxebizitzak dira bloke horretakoak, eta Alokabide sozietate publikoa arduratzen da kudeaketaz.

Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak joan den martxoan eman zuen bizilagunen egoeraren berri, agerraldi baten bidez. Gogorarazi duenez, nagusiki, Lousadako 40. zenbakiko "etxebizitzen kalitate txarra, enpresa pribatuek instituzio publikoen laguntzarekin egiten duten negozioa eta Alokabideren jarrera burokratiko eta autoritarioa" salatu zituzten bizilagunek eta sindikatuko kideek. Lekukotzak jaso eta bideo baten bidez ezagutarazi dituzte berriki.

Enpresen negozioa

"Administrazio publikoaren laguntzarekin, enpresa pribatuak aberastu" egiten direla jakinarazi dute bideo horretan. Adibide modura, Stechome enpresak iaz izan zituen irabaziak aipatu dituzte: "Ura eta berokuntza kudeatzen dituen enpresa horrek 16.000 euroko soberakinak izan zituen, eta guk, bizilagun bezala, 150 euroraino iristen diren fakturak ordaindu behar izan ditugu". Komunitateko tasa altuez ere ohartarazi dute berriz: 70 euroraino heltzen dira.

Kalitate txarra

Lousadako 40. zenbakiko etxebizitzen kalitate txarrari dagokionez, hainbat adibide erakutsi dituzte bideoan: "Eroritako sabaiak, baldosak altxatuta eduki ditugula, hezetasunak, eta abar". "Nire kasuan, ia bi urte daramat hezetasunekin paretetan. Ez dago Alokabideren erantzunik, ez konponketarik", azaldu du bizilagunetako batek.

Etxeek, gainera, 40m² baino gutxiago eta logela bakarra dituzte, nahiz eta, kasu batzuetan, familia osoak bizi diren.

Pertsona bat, etxegabetze arriskuan

"Nire zaurgarritasun egoera dela-eta, ezin diet komunitate honetan dauden ordainketa guztiei aurre egin", jakinarazi du beste bizilagun batek: "Orduan, erabaki nuen komunitateko tasa kentzea eta ez ordaintzea". Horren ondorioz, etxetik kaleratzearekin mehatxatu dute, eta etxegabetua izateko arriskuan dago gaur-gaurkoz.

Etxebizitza Sindikatuak hitz egitera eta negoziatzera deitu du Alokabide. Sozietateak, baina, "ez du negoziatzeko inolako borondaterik erakutsi", sindikatuaren esanetan.

EZ DAGO IRUZKINIK