AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/24 10:31

2021eko maiatzean ireki zituzten ateak Orereta-Errenteriako (Gipuzkoa) Lousada kaleko 40. zenbakian, duela bi urte baino gutxiago. Alokairu sozialeko etxebizitzak dira denak, eta, horiek eraikitzeko, Eusko Jaurlaritzari eman zizkion lur batzuk Errenteriako Udalak. Proiektuari buruz hitz egitean, etxe horiek gazteei bideratutakoak direla esan izan dute erakundeek, bost urterako alokairuen bidez. Dena den, Lousadako 40. zenbakian gerora ikusi den egunerokoak "oso bestelako egoera utzi du bertako bizilagunentzat, eta etxebizitza sozialen benetako izaera azaleratu du", atzoko agerraldian azaldu zutenez.

Etxeen kalitatearen inguruan hitz egin zuten lehenengo. "Pobreentzako etxebizitzak izanik, kalitate txarrekoak dira [...]: etxe txikiak, arropa esekitzeko aukerarik gabekoak, espazio komunak hondatuta dituztenak, eta abar", jakinarazi zuten bizilagunek eta aurkeztu berri duten Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak. Hori hala izan arren, gehiegizko tasak ordaintzera derrigortuta daude: "Hilero 60 eurora arteko komunitate tasak ordaintzera behartzen gaituzte, jakinik ere, pisu horien jabe ez izanik, etorkizunera begira diru galdua dela geuretzako".

Gainera, "ziurgabetasuna da etxebizitza mota horren ezaugarri nagusietako bat", haien esanetan: "Bost urtez irauten duten alokairu-kontratuak sinatzen ditugu. Horiek igarota, kalera joan behar gara, gure egoera ekonomikoak hobera egin ez badu ere".

Negozioa miseriaren kontura

Alokabide arduratzen da Lousadako 40. zenbakiko alokairu sozialen kudeaketaz, eta, sozietate publiko bat izan arren, hainbat enpresarekin "egiten duen negozioa seinalatu" zuten atzo Orereta-Errenteriako bizilagunek eta Etxebizitza Sindikatuko kideek. Euren kasuan, ur sistema Stechome enpresari kontratatutakoa dela gogorarazi zuten. "Stechomek, aurten, gure oinarrizko beharrizanen kontura irabazten duenaz gain, Alokabidek emandako diru publikotik zein bizilagunoi inposaturiko kuota gehigarrietatik 16.400 euro bereganatu ditu", zioten.

"Estatuaren babes eta diru-laguntzak erabiliz, enpresa ezberdinek miseria kudeatzetik etekina ateratzen dute", sakondu zuten. Adibide modura aipatu zituzten "etxebizitza sozialen eraikuntzaz arduratzen diren enpresak", baina negozioa "etxebizitza sozialen kudeaketaren" bidez ere egiten dela zehaztu zuten; euren kasuan bezala.

Alokabide eta etxegabetzeak

Bestalde, prentsaurrekoan Alokabideren "izaera autoritarioa" salatu zuten Lousadako bizilagunek. Izan ere, "gure etxebizitzetan zein beste batzuetan, bizilagunak etxegabetze-agindurik gabe kaleratzeko ahaleginak egin izan ditu" sozietateak, argitara atera zutenez. "Etxegabetzeak atzeratzen dituen moratoria indarrean dagoen arren, Alokabidek etengabeko presiora eta ziurgabetasunera kondenatzen ditu bizilagunik zaurgarrienak", gaineratu zuten.

Lousada kaleko 40. zenbakian, zehazki, "izugarrizko kuota" horiek ordaintzeari uko egin dio bizilagun batek, eta bere etxetik kaleratua izateko arriskuan dago une honetan.

"Bizilagunok arazo horien aurrean antolatu gara, hori guztia konpontzeko eta hobetzeko asmoz. [...] Irtenbideak kolektiboa behar baitu", aldarrikatu zuten agerraldian. Dei egin zieten Alokabideri eta Stechome enpresari eurekin negoziazio-mahai bat sortzera.

EZ DAGO IRUZKINIK