AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/01 13:32

Soldatapeko lanean egindako ordu estrak ez ordaintzea ohiko praktika bat da. Espainiako Estatuko hainbat daturen berri eman dute Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (EPA, gaztelerazko sigletan) bidez, eta garbia da ondorio hori. CCOO sindikatuak berak aitortu duenez, "lanaldiaren derrigorrezko erregistroaren araudi espezifiko bat ezarri den arren", ez da "lan-esplotazio mota hori txikitzea lortu". Hala, milaka ordu estra beharginei ez ordaintzearen bitartez, iaz, 3.254 milioi euro aurreztu zituzten enpresaburuek.

EPAko datuei begira, lanaldia legez kanpo luzatzeko praktika sistematikoak identifika daitezke. Espainiako Estatuan, aste bakoitzeko, 2,6 milioi ordu estra izan ziren iaz langileei ordaindu ez zitzaizkienak. Osotara, gutxienez 419.000 ziren ordu estrak egin (batez beste 6,3 ordu astean) eta horiek kobratzen ez zituzten langileak, aipatutako erregistroen arabera.

Ordu estrak ez ordaintzeko praktikari esker, behargin bakoitzeko, astean 141 euro inguru irabazi zituzten iaz enpresaburuek. Hortaz, 2023ko batez besteko kopuruei erreparatuz gero, langile bakoitzaren kontura 7.370 euro poltsikoratu zituzten enpresek modu horretan.

Milioi bat langile, legez kanpo ordu estrak egiten

Espainiako Estatistika Institutuaren (INE, gaztelerazko sigletan) kalkuluak ere badaude mahai gainean. Horien arabera, lanaldi osoan lan egin eta "adostu gabeko" ordu estrak egiten zituzten milioi bat langile zeuden iaz, gutxienez. Ordu estra horien kotizazio-daturik ez dagoenez, ezin daiteke jakin gero horiek kobratu zituzten edo ez.

Milioi horren barruan, 636.000 beharginek jakinarazi zuten modu ohikoan egiten zituztela ordu estrak, nahiz eta astean 40 orduko lanaldiak eduki. CCOOren esanetan, "a priori, laneko legedia urratzen" du hain sistematikoa den esplotazio-praktika horrek.

Lan-sektoreei dagokienez, ordaindu gabeko ordu estra kopururik handienak hezkuntzan, industrian, ostalaritzan eta merkataritzan identifikatu zituzten. Bestalde, langile kopuruari erreparatuta, ordaindu gabeko aparteko orduak egiten zituzten beharginen ehunekoak ondoko sektoreetan ziren altuenak: finantza eta aseguruetan, zerbitzu profesional, zientifiko zein teknikoetan, energian edota komunikazioan. Badirudi, beraz, sektore horietan dagoela normalizatuen kobratu gabeko ordu estrak egitea.

EZ DAGO IRUZKINIK