AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Economista
2024/12/12 11:53

Frantziako Estatuko presidente Emmanuel Macronek esan du elkarrizketarako prest dauden indar politiko guztiekin biltzeko asmoa duela, Marine Le Penen Rassemblement National (RN) kanpoan utzita. Michel Barnier lehen ministroa kargugabetu zuen zentsura-mozioaren ostean, buruzagi ekologistekin eta Parti Communiste Françaiseko (PCF) buruzagiekin bildu eta gero egin zuen iragarpena Macronek, astelehenean. Marie Tondelier ekologisten buruak estatuburuaren "jarrera-aldaketa" ospatu du: "Macronek ulertu du modu aldebakarrean jarduteari utzi behar diola".

PCF ere hartu dute aste honetan Eliseoan, eta "negoziatzeko borondatea" erakutsi du, bere eskaera programatikoei uko egin gabe ustez. Fabien Rousselek, PCFko buruak, bere lehentasunen artean nabarmendu ditu "erosteko ahalmena, enpleguari eustea eta pentsioen erreforma". Hurrengo lehen ministroa ezkerrekoa izatea "hobe" litzatekeela adierazi duen arren, Rousselek argitu du ez dela "ezinbesteko baldintza, betiere aurrerapauso zehatzak lortzen badira". PCFk atea ireki dio PSFren proposamenari, alegia, sindikatuekin batera "finantzaketa-konferentzia" batera deitzeko proposamenari, krisiaren aurrean "pragmatismo" keinu bat eginez.

La France Insoumisek (LFI), Nouveau Front Populaire (NFP) koalizioaren parte denak, uko egin dio Macronekin biltzeari. Manuel Bompard alderdiko koordinatzaileak "presidentearen indar-kolpe bat" salatu du, leporatuta "hauteskundeetako emaitzei muzin egin" eta "NFPk gobernua bere gain hartzeari" uko egin ziola. Jean-Luc Mélenchon buru duten intsumisoek presidentearen dimisioa eta presidentetzarako hauteskundeak aurreratzea exijitu dute, krisiari irtenbidea emateko, Libération egunkariaren arabera.

Bien bitartean, Tondelier buruzagi ekologistak "ezkerraren batasuna" eskatu du, eta esan du "pisu handiagoa" izango dutela guztiak presidentearen mahaian esertzen badira. Intsumisoen ezezkoak agerian uzten du NFP koalizioaren barruan dagoen zatiketa sakona, eta zalantzan dago Macronen gobernuaren politikak baldintzatzeko izan dezakeen gaitasuna.

Gobernuaren porrota

Historiako agintaldirik laburrena izan du Macronek izendatutako lehen ministroak, Michel Barnier kontserbadoreak. Ezkerrak eta eskuin muturrak bat egin ostean erori zen Barnier, zentsura-mozio baten alde egin baitzuten LFIk eta RNk. Le Penek ezkerraren eskutik mozioa babestu izana "zinikotzat" jo zuen Macronek, izan ere, presidenteak faxistaren babesa izan zuen Barnier karguan jartzean: Le Penen babesaren truke mugitu zuen gobernu berria muturreko eskuinerantz, hauteskundeak irabazi zituen NFP koalizioaren hautagaia baztertuz.

EZ DAGO IRUZKINIK