Astelehenean, irailak 7, Donostiako (Gipuzkoa) Infernua eremuan esku hartu zuen Donostiako Udaltzaingoak, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, inolako baimen judizialik gabe. Zonaldean ustez gertatu diren hainbat lapurreten aitzakiapean, zenbait pertsonak etxetzat duten industria-nabe birjabetu batean sartu ziren poliziak. Bertan bizi diren pertsonen objektu pertsonalak lapurtzeaz gain, 62 lagun identifikatu eta paperik gabeko 13 atxiki zituzten indarrez.
Arratsaldera arte ezin izan zuten etxera itzuli 13 atxilotuek, eta haien "jaioterrira itzularazten dituen kanporatze-agindua" eskuetan bueltatu ziren, gainera. Bestalde, adingabeentzako zentro batera eraman dituzte barruan zeuden bi gazte.
Hiru orduko esku-hartze poliziala izan zen, eta Infernua Bizirik mugimenduak salatu du "ez dela gertaera isolatua" izan: "Azken urtean, gure auzoak sistematikoki bizi dituen erasoen beste adibide bat da". "Okupazioaren eta immigrazioaren aurkako operazio ilegala izan zen, zalantzarik gabe", gaineratu du. Izan ere, azpimarratu du "Poliziaren erasoak sistematikoki jasaten dituztenak zuriak ez diren pertsonak direla, batez ere, Afrikatik eta Ekialde Hurbiletik datozenak".
Bestalde, jakinarazi duenez, azkeneko operazioan, baimen judizialik ez izateaz gain, haien jantzietatik "plakak kenduta" bertaratu ziren poliziak, "identifikatuak izan ez zitezen". Hainbat bizilagunek identifikatzeko eskatu zietenean, eskakizunari uko egin zioten.
KRIMINALIZAZIOA
Infernua Bizirikek gaitzetsi egin du, komunikabideetan, "lapurreten aurkako operazio" aurkeztu eta saldu izana auzoan gertatutako eraso berria: "Operazioari buruzko berriak sentsazionalistak eta kriminalizatzaileak izan dira".
INFERNUA KOLOKAN
Irutxuloko Hitza-k hilabetearen hasieran adierazi modura, Donostiako Udalak martxan du Infernua eremuari dagokion hirigintza-plana. Ibaetako auzoaren hegoaldean kokatuta dago Infernua, eta udalaren asmoa da zonaldea "birsortzea eta birkalifikatzea"; hau da, "ahal bezain laster auzoa behera botatzea" eta "garbitzea". 2021. urtean hasiko lituzkete obrak, eremua "bizitegi eta zerbitzuen auzo bihurtzeko".
"Auzoa abandonatuta, delinkuentziaz beteta, segurtasunik gabe eta abar irudikatu nahi dute, baina bitartean, jatorri ezberdinetako 100 pertsona baino gehiago bizi gara bertan", dio Infernua Bizirikek. "Etxerik gabe" nahi dituztela eta "desagerrarazi" egin nahi dituztela salatu dute, baita haien aurkako "kriminalizazioa" ere: "Beraiek krimena ikusten duten lekuan, guk bazterkeria ikusten dugu, jende migrantearekiko bazterkeria: lanpostua ukatzea, gizarteko sarbidea ukatzea eta, finean, eskubideen urraketa".
MANIFESTAZIOA IGANDEAN
Egoera dela eta, "elkartasunerako eta antolakuntzarako" deia egin dute Infernuako bizilagunek: "Poliziarik eta arrazismorik gabeko auzo bat nahi dugu, eta erresistentzia egingo dugu erasoen aurrean!".
Datorren larunbaterako mobilizazioa deitu dute, "inor ez da ilegala" aldarripean eta "Infernua bizirik. Arrazakeriarik ez" lematzat hartuta. 12:00etan Infernuatik abiatuko da manifestazioa.