AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
'Derecho a techo' plataformako kideen elkarretaratzea. Argazkia: Arabako ALEA
2019/10/11 10:58

Gasteizko (Araba) Udal Gobernuak ur-hornidura moztu die Olarizun etxebizitza birjabetuetan bizi diren 100 pertsona ingururi, Poliziarekin elkarlanean. Bizilagunen artean, gutxi gorabehera 25 dira haurrak. Ensanche 21enak dira eraikinak; Gasteizko Udalak sortutako hirigintza sozietate anonimoarenak, alegia, eta horiek eraistea da asmoa.

Ez da udalak Olarizuko etxebizitza birjabetuetan bizi direnen bizi-baldintzak erasotzen dituen lehen aldia. Joan den uztailean, uraz gain, argindarra ere eten zuten bizileku berean. Oraingoan, gainera, estoldak hormatu dituzte, bizilagunek bertan bizitzen jarraitzeko beste aukerarik izan ez dezaten.

Ekainaz geroztik, udal-jabetzakoak dira Olarizuko blokea osatzen duten 138 etxebizitzak, Gasteizen hutsik dauden 10.000 bizilekuetatik beste 353 bezalaxe. Hori dela-eta, mugimendu sozialek udalari exijitu diote alokairua ordaintzeko "behar adina baliabide ekonomikorik" ez duten sektoreen kontra egiteari uzteko. Hala, 'Derecho a techo' plataformak "pertsona babesgabeen kontra oldartzea" egotzi dio beste behin udalari.

Ensanche 21en itzalak

Gasteizko Udala hiriburuko aldirietako etxebizitza zaharrak apurka-apurka desjabetzen eta erosten ari da, Ensanche 21 S.A. sozietateak barnebiltzen duen hirigintza-planaren barruan. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek zuzendutako administrazioak dio auzoak "birgaitzea" dela planaren helburua. Prezio gorakorreko eraikuntzak aurreikusten dira eremu horietan.