Okupazioari buruzko azterketa bat egin du berriki Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak, Okupazioa egungo testuinguru politikoan izenpean. "Okupazioaren kontrako kriminalizazioa izaten ari den eragina ikusita, beharrezkoa ikusten genuen modu ordenatu batean okupazioari buruzko errealitatea plazaratzea eta horren inguruko gogoetak partekatzea", azaldu du Defentsa Komunitateak.
Hala, "klase-ikuspegitik" heldu diote auziari, hainbat gai zehatz aztertuta: jabe handiek okupazioaren kontra gidatzen duten borroka eta jabe txikiekin sortutako aliantza politikoa, faxismoak betetzen duen eginkizuna, espazioen gaineko langile kontrola, eta abar.
Ondorio politikoak
Analisiaren bidez hainbat ondorio politiko atera ditu Defentsa Komunitateak, eta azpimarratu du "okupazioa, orokorrean, burgesiak bakarrik pairatu dezakeen fenomeno bat dela": "Jabe handiak dira okupazioaren kontrako ofentsibaren lerro nagusiak zehazten dituztenak, baina jabe txikiek joera hori baliatu eta jabe handiekin aliantzak sortzen dituzte, okupazioa eta pobrezia kriminalizatzeko".
Bestalde, seinalatu du faxismoa dela "okupazioaren kontrako diskurtsoa hegemonizatzen" ari dena, "okupazioaren kontrako ofentsibak faxismoa normalizatzen eta hedatzen laguntzen" baitu.
Alderdi parlamentarioen jarreren inguruan ere aritu da azterketan, eta salatu du "alarmismo hori legez jasotzen saiatzen" ari direla; "okupazioaren inguruko eztabaida desbideratzen duten bitartean, jabetza pribaturako sarbidea lausotu edo gogortu beharko litzateken ebazteko".
Okupazioaren ertz horiek eta gehiago landu dituzte, esan bezala, argitara emandako diagnosian. Euskaraz (hemen) eta gazteleraz (hemen) irakur daiteke lana, osorik.