Etxejabeek eta etxe-agentziek irabaziak bermatzeko beste zirrikitu bat aurkitu dute higiezinen merkatuan: "legez kanpoko okupatzaileen" bizitokiak salgai jartzea. Modu horretan, negozioa egiten jarraitzeko aukera izan dezakete, etxegabetze batek dakartzan prozesu judizialei eta kostu posibleei aurre egiteko beharrik gabe. Merkatu hori errealitate bat da jadanik, eta Idealista atariak, esaterako, "filtro" espezifiko bat sortu du dagoeneko, ustez okupatuta dauden etxeak zuzenean identifikatzeko: Legez kanpo okupatutakoa (Ocupada ilegalmente).
Hainbat egunkarik jaso dutenez, etxe-agentziek "aukera" paregabe modura hartu dute merkatu hori, azpimarratuz "%30 eta %60 artean" jaisten ari direla "okupatzaileak" omen dituzten etxeak, legezko jabeek horiek salgai jartzean. Hala, pisu horiek erosten dituztenen esku geratzen da bertan bizi diren pertsonak etxegabetzea.
Solvia da halako salmentei ekin dien agentzietako bat. "Okupatuta egonez gero, etxebizitza bizilagun eta guzti saltzen da. Erosleak erosi egiten du, barrukoa nola dagoen jakin gabe", azaldu dio EITBri Bilboko (Bizkaia) Solviako Cundi Ramosek. Azaldu du erosleen gain geratzen dela "etxebizitza husteko prozedura judizialaren ardura", eta ulertzera eman du, orokorrean, etxebizitzaren kostuari aurre egin ezin izan dioten pertsonak direla "legez kanpoko okupatzailetzat" jotzen ari direnak. Ramosen esanetan, kasu horietan, "epaitegiak funtsari edo bankuari esleitzen dio jabetza"; eta, beraz, haiek izaten ari dira higiezin horiek salduz eta etxegabetze-prozesuen ardura beste jaberen baten esku utziz aberasten ari direnak.
Masa-komunikabideen intoxikazioa eta jendartearen pertzepzioa alde batera utzita, Espainiako Estatuan, salgai dauden etxebizitzen %2,6 baino ez daude okupatuta gaur egun, EITBk argitaratutako azken datuen arabera. Hego Euskal Herrian are baxuagoa da ehunekoa: %1,5. Dena den, badirudi bertan ere hasi direla "legez kanpo okupatuta" omen dauden etxeak salgai jartzen: hala sailkatutako 150 etxebizitza daude salgai Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 80 Nafarroan.