Israelgo Estatua hiltzailea. Palestinar herriarekin elkartasuna. Halaxe zioten atzo, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek hainbat herritan deitutako elkarretaratzeetan, ireki ziren pankartek. Altsasun (Nafarroa), Azpeitian (Gipuzkoa), Beasainen (Gipuzkoa), Durangon (Bizkaia), Gernika-Lumon (Bizkaia), Lizarran (Nafarroa) eta Zarautzen (Gipuzkoa) izan ziren protestak, hain zuzen ere.
"Israelgo Estatuak palestinar herriaren aurka hamarkada luzez aurrera daraman okupazioaren eta genozidioaren aurrean, borrokaren bidez erantzun du Palestinako erresistentziak, eta Israelek ofentsiba militarra abiarazi du", jarri zuten testuinguruan lekuan lekuko Kontseilu Sozialistetako kideek: "Israelgo Gobernuak lurralde osoan gerra-egoera ezarri du 1973tik lehenengoz, bere makineria militar osoa martxan jarri du, eta Gaza inbaditzeko zein palestinarrak suntsitzeko asmoa iragarri du".
Sionisten estrategia suntsitzailea, Mendebaldearen onarpenarekin
Gogorarazi zutenez, "Israelgo Estatuak etengabe jazarri ditu palestinarrak": "Ideologia sionista supremazistan ardazturiko gobernuek palestinarrak desagerrarazteko estrategia izan dute urte luzez, lurren okupazioaren, torturaren eta erailketaren bitartez". Hori guztia, gainera, "Mendebaldeko bloke inperialistaren babesarekin" egiten duela salatu zuten Kontseilu Sozialistek: "Israel da Ekialde Hurbilean Mendebaldeko oligarkiak duen aliaturik garrantzitsuenetarikoa, AEBekin, Europar Batasunarekin edota NATOrekin dituen hitzarmenek argi erakusten duten bezala".
Alderdien posizioa
Palestinan gertatzen den guztiaren aurrean eskuineko nahiz ezkerreko alderdi parlamentarioek hartutako jarrera salatu zuten atzoko elkarretaratzeetan: "Eskuineko alderdiek Israeli babesa adierazi diote, eta ezkerrekoek, aldiz, elkarrizketarako eta elkarbizitzarako deia luzatu dute. Azken horien esanetan, gatazkaren konponbidea bi aldeek tentsio militarra gutxituta eta negoziazioei ekinda erdietsiko da".
Ezkerreko alderdi parlamentarioen posizioari dagokionez, Kontseilu Sozialistek nabarmendu zuten "bakezaletasunez mozorroturiko adierazpenek ezkutatu" egiten dutela "Israelek eta Mendebaldeko eliteek hainbat aldiz frogatu dutela, eskaintzeko prest dauden akordio posible bakarra, palestinarrei zapaltzailearen bakea inposatzea" dela. Jarrera horrek, hortaz, "Israelgo erregimena zuritzen, zapalkuntza egoera naturalizatzen eta palestinarren erresistentziaren kriminalizazioa bultzatzen" duela azaldu zuten Kontseilu Sozialistetako kideek.
Elkartasuna Palestinako herriari
"Oinarriak okupazioan eta palestinarren zapalketan dituen Israelgo Estatu kriminala" salatu zuten, beraz, atzoko elkarretaratzeetan, bai eta "Mendebaldeko estatuek harekiko duten izaera kolaboratzailea" mahaira atera ere. Palestinako herriari elkartasun osoa emateaz gain, Kontseilu Sozialistek aldarrikatu zuten funtsezkoa dela "dominazioaren eta zapalkuntza guztien aurka, nazioartean sozialismoaren aldeko indar politiko bat berrantolatzeko lanean jarraitzea", "hori baita herri langileen eta askatasuna eta gerrarik gabeko jendarte baten oinarriak eraikitzeko bermea".