Nafarroako Gobernua droneak erabiltzen hasi da biztanleak kontrolatzeko

Nafarroako Gobernuak aurreko asteburuan jarri zuen martxan dronen bidezko "esperientzia pilotoa", eta biztanleak zelatatzeari eta grabatzeari ekin dio jada. Zuzeneko irudiak grabatzen dituzte dronetako kameren bidez, eta SOS deien egoitzara bideratzen dituzte gero. Irudi horiek baliatuta, hamar aldiz esku hartu zuen Foruzaingoak asteburuan.
Argazki Nagusia
Argazkia: Navarra Digital
2020ko maiatzaren 7a

Alarma egoera baliatuta, dronen erabilpena baimendu du Nafarroako Gobernuak, biztanleen mugimenduak kontrolatzeko eta, deseskalatze prozesuko neurriak bete ez direla iritziz gero, poliziek esku hartu ahal izateko. Gobernuko kontseilari Javier Remirezek adierazi duenez, "deseskalatze prozesuan espazio publikoetan prebentzio neurriak egoki erabiltzen direla" bermatzea eta "portaera eta ohiturak hobeto ebaluatu" ahal izatea da asmoa.

Nafarroako Gobernuak, beraz, Babes Zibilaren eta Foruzaingoaren esku utzi du eginkizuna: haiek gidatutako dronek zuzeneko irudiak grabatzen dituzte, eta steaming bidez bideratzen dituzte SOS deien Nafarroako egoitzara. Aurreko asteburuan jarri zuten martxan "esperientzia pilotoa", eta dronetako kameren bidez lortutako irudiak erabilita, hamar aldiz esku hartu zuen Foruzaingoak. Guztira, bi pertsonaren aurkako zigor proposamenak aurkeztu zituen.

COVID-19aren hedapenak sortutako larrialdia baliatuta, kontrol soziala sakontzeko modu desberdinak garatu dituzte askotariko instituzioek. EAEn, esaterako, martxoan jakinarazi zuten mugimenduak kontrolatzeko aplikazio bat prestatzen ari zela Eusko Jaurlaritza.