Mugimenduak kontrolatzeko aplikazio bat prestatzen ari da Jaurlaritza

Salbuespen egoeran, koronabirusaren hedapena kontrolatzea jarri dute argudio gisara, baina langileen kontrol sozialerako neurriak areagotzea ere ekar dezake, langile asko lanera behartzen ari diren bitartean. Duela bi urtetik, herritarren baimenik gabe mugimenduak kontrolatu ahal izateko eskumena du Eusko Jaurlaritzak.
Argazki Nagusia
Argazkia: Revista Neo.
2020ko martxoaren 25a

Langileen mugimenduak kontrolatu eta monitorizatzeko aplikazio bat prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza, Hego Koreako gobernuak irekitako bideari jarraiki. Kontrol soziala areagotzeko pauso atzeraezinak ekar ditzake horrek, salbuespen neurri modura agertu arren. Orain arte emandako azalpenen arabera, positibo eman duten herritarren mugimenduak kontrolpean izango dituzte, telefono mugikorren GPS sistemari esker. Birusaren hedapena kontrolatzea jarri dute argudio gisara, eta beraz, ikusteko dago norainoko kontrola izango duten langileen mugimenduen gain. Azaldu dutenez, norberaren auzoan positibo berri bat egonez gero, aplikazioa duten guztiei salatuko lieke datua sistemak.

Printzipioz, "borondatezkoa" izango bailitzan saldu du sistema berria Jaurlaritzak. Haren arabera, aplikazio bat deskargatu ondoren, sintomak dituenak galdetegi bat bete ahal izango du datu pertsonalen xehetasunak emanez. Behin hori eginda, mugimenduak geolokalizatzeko aukera izango luke Jaurlaritzak. Aipatzekoa da, dena den, aldi berean langile asko lanera behartzen ari direla.

Arriskua ez da nolanahikoa; beste neurri batzuen modura, salbuespen egoeratik harago horrelako kontrol sistema zorrotzak normalizatzeko ahalegina ere suma daiteke atzean. Hego Korean 2015ean hasi ziren antzeko sistemekin, datuen babeserako legeak aldatuta. EAEn, 2018tik, herritarren baimenik gabe mugimenduak kontrolatu ahal izateko eskumena du gobernuak. Ikusteko dago legeak berriz moldatu beharko ote dituzten eta zein bidetatik egingo duten hori.

Biometria eta birusa

Txinan eta beste zenbait herrialdetan nahikoa aurreratuta daude kontrol sozialerako halako teknologiak. Egunotan egindako aldaketak ez dira nolanahikoak: norbere bizitegira sartzeko QR kode bat eskaneatu behar dute, esaterako, hainbat datu emanez: tartean, egindako azken mugimenduak. Lantegietan ere kontrolak areagotu dituzte. Gainera, telefono bidezko jarraipenez gain, "sare sozialetako" hainbat enpresa pribatuk "kutsatuta egon daitezkeen" herritarrak salatzeko bideak ireki dituzte.

Biometria erabiliz -ezaugarri edo mugimendu fisikoen bidez pertsonak identifikatzeko teknologia-, kamera bidez jendea masiboki identifikatzeko gai dira dagoeneko. Salbuespen egoeran, sukarra dutenak edo maskararik gabe dabiltzanak identifikatzeko modua ere badute.

INEren iazko ikerketa

Euskal Herrian bertan, halako teknologiak garatzeko ikerketak ez dira berriak. Gogora ekartzekoa da, iaz, INE Espainiako Estatistika Institutuak egindako ikerketa bat: Espainiako Estatuko biztanle guztien mugimenduak kontrolatzen hasi ziren azaroan: azaroaren 18tik 21era, azaroaren 24an eta abenduaren 25ean egin zituzten lehen probak, jakinarazi zutenaren arabera. Datozen uztailean eta abuztuan ere ikeretarekin jarraitzeko asmoa agertu zuten. Horretarako, milioi bat eta erdi euro inguru ordaindu zizkieten telefonia operadore handiei.