AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Xataka
2024/11/08 12:30

Badirudi kolokan dagoela Audi eta Nissan automobilgintzako enpresen gerokoa, eta zailtasunak izaten ari direla etekina handitzeko. Volkswagen taldearen parte da Audi korporazioa, eta epe ertainean 4.500 langile kaleratzeko asmoa adierazi du. Langile horiek ez dira ibilgailuen ekoizpen-katean lan egiten dutenak izango, antza denez. Dena den, Volkswagenek berak ere iragarri ditu kaleratze masiboak: Alemaniako lantokien herena ixtea aztertzen ari da.

Audik, zehazki, plantilla %15 murrizteko asmoa du, eta kaleratzeak garapenera bideratutako dibisioetan egingo direla aurreratu du. Volkswagen taldearen administrazio-kontseilua Alemaniako sindikatuekin ari omen da negoziatzen, bertako fabrika eta lantokiak izango baitira kaltetuenak. Volkswagenek %45,75eko beherakada izan du etekinean azken hiruhilekoan, irabazi garbiak 2.425 milioi eurokoak izan baitira. Etekin-tasaren beherakadak bultzatu du berregituraketa-plana.

Zehazki, badirudi Txinako salmentak %8,5 jaitsi direla azken urtean, eta 477.247 ibilgailu saldu dituzte han. AEBetan 139,665 ibilgailukoa izan da salmenta, iaz baino %16,8 txikiagoa, eta, Europako merkatuari dagokionez, hura ere %9,8 murriztu da (503.746 ibilgailu denera). Hala ere, berregituraketa-planarekin ezarritako helburuak mantendu ditu Volkswagengo zuzendaritzak: 2024a amaitzen denerako, 63.000 eta 68.000 milioi euro artean fakturatu nahi dituzte.

Japoniako erraldoia ere kaleratze masiboen atarian

Nissan enpresak, bestalde, 9.000 langile kaleratuko dituela jakinarazi du, berriki aurkeztutako berregituraketa-planaren barruan. Errentagarritasuna berreskuratzeko helburua omen du Japoniako erraldoiak, azken urteetan salmentak jaitsi baitira. Lehen hiruhileko fiskalean (apirilaren 1etik irailaren 30era) 19.200 milioi yeneko (115 milioi euro inguru) irabaziak izan omen ditu, iazko epe berdinean baino %93,51 gutxiago, hain zuzen.

Berregituraketaren bidez, "kostu finkoak" 300.000 milioi yenera (1.810 milioi euro) jaitsi nahi ditu zuzendaritzak, eta "aldakorrak" 100.000 milioi yenera (603 milioi euro). Hori lortzeko bidean kanporatuko ditu 9.000 langile, plantillaren %6,7. Audik egin bezala, ez ditu ekoizpen-kateko langileak kaleratuko, salmentarekin, administrazioarekin edo gastu orokorrekin lotutako lanpostuetakoak baizik. Horretaz gain, Nissaneko zuzendaritzak 25 ekoizpen-kateen "gaitasun operatibo maximoa" %20 murriztuko du.

EZ DAGO IRUZKINIK