AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iñigo Urkullu eta Maria Txibite. Argazkia: eldiario.es
2021/12/28 21:43

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile gehiago iragarri zituzten, eta hala berretsi da gaurkoan. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hainbat neurri komun adostu zituzten, eta Nafarroako Gobernuak atzo bertan bidali zuen foru agindu bat Nafarroako Auzitegi Nagusira, hainbat neurri berri aurkeztuz. Epaileek esan dute "beharrezkoak eta neurrikoak" direla arau horiek, eta berme berriz ere zalantzagarri batekin, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzean sartuko dira indarrean, gutxienez, urtarrilaren 14ra arte.

Arautegi berriaren arabera, besteak beste, askotariko lokalak —ostatuak, saltokiak, dantzalekuak, kontzertu aretoak, tabernak, kafetegiak, jatetxeak, joko aretoak, peñak eta elkarte gastronomikoak— itxita egongo dira 01:00etatik 06:00etara bitartean, ostalaritza establezimenduetan ezingo da zutik kontsumitu, eta gehienez hamar pertsona eseri ahalko dira elkarrekin establezimendu horietako mahaietan. Bestalde, gogorarazi dute debekatuta dagoela kalean edatea.

Gainera, Jaurlaritzak aurretik egin bezala, Covid ziurtagiriaren derrigortasuna eremu gehiagotara hedatuko dute Nafarroan ere. Adineko pertsonentzako egoitzetan, zentro soziosanitarioetan, turismorako ostatuetan, gimnasioetan nahiz kirol instalazio itxietan eskatuko dute ziurtagiria, adibidez.

Neurriak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere

Jaurlaritzak ere aurrez jakinarazi zuen neurri murriztaile gehiago jarriko zituela indarrean, eta gaur onartu ditu Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak —Labi—. Nagusiki ostalaritzari lotutakoak dira adostutako neurri berriak: debekatuta egongo da zutik kontsumitzea, mahai bakoitzean hamar pertsona elkartu ahalko dira gehienez, barnealdeetako edukiera %60koa izango da gehienez, eta tabernek eta jatetxeek gehienez 01:00etan itxi ahalko dituzte ateak. Kultur, kirol eta gizarte ekitaldiak ere mugatuko ditu Jaurlaritzak: gehienez 01:00etan amaitu ahal izango dira, eta gehienez %60ko edukiera bete ahalko da. Gainera, barnealdeetan gehienez 600 pertsonakoak izango dira ekitaldiak, eta 800 lagunekoak kanpoaldeetan.

Neurriok bihar sartuko dira indarrean eta, gutxienez, urtarrilaren 28ra arte izango dira martxan.

Urkulluk autonomia erkidegoetako presidenteen konferentzian proposatu zituen Labik gaur aztertutako neurrietako batzuk. Pedro Sanchez Espainiako Estatuko presidenteak bilera horretan azaldu zuen, aurrerantzean, aire zabalean ere maskara erabili beharko zela.

Jaurlaritzak ez du gaur aurkeztutako neurrien inguruko kontsultarik egingo EAEko Auzitegi Nagusian, eta abalik eskatu gabe jarriko ditu indarrean. Iritzi dio nahikoa berme juridiko baduela dagoeneko, pandemiaren aurkako legea deiturikoarekin.

EZ DAGO IRUZKINIK