Alemaniako ARD komunikabideak eta bere STRG_F taldeak jakinarazi dutenez, Telegram plataforman bada emakumeei sexu-erasoak nola egin komentatzeko sare erraldoi bat, eta herrialde ugaritako 70.000 bat gizonezkok hartzen dute parte txat-talde horietan. Urtebeteko ikerketa baten ostean atera da argitara sarea.
Telegrameko talde horietan, emakumeei sexu-erasoak egiteko estrategiak, argibideak eta gomendioak partekatzen dituzte. Egindako erasoak zehastasunez azaltzen dituzte parte-hartzaileek, eta batzuek, gainera, zuzenean bidaltzen dituzte eraso horien irudiak, izan argazkiak edo izan bideoak.
Hori gutxi balitz, eraso horiek gauzatu ahal izateko estrategien barruan, emakumeak nola drogatu esplikatzen dute taldeetan. Substantzia kimiko horiek erosteko estekak bidaltzen dituzte, eta horietako asko ezkutatzen dituzte kosmetika-produktuak bailiran.
Badirudi Telegramek behin eta berriz baimentzen duela halako talde biolentoak martxan egotea, baten bat desaktibatzen dutenean, segituan zabaltzen baitituzte antzeko taldeetara sartzeko edo berriak sortzeko estekak. Duela pare bat hilabete, Portugalen ere eman zuten Telegrameko antzeko talde batzuen berri: dozenaka milaka gizonezkok hartzen dute parte horietan, eta hamaika emakumeren irudi sexualak partekatzen dituzte, haiek jakin gabe.