Euskal Herria nazio zapaldutzat definitzen duzue, zergatik?
Dani Askunze: Euskal Herrian nazio zapalkuntza existitzen da, Espainiako eta Frantziako estatuek eta, oro har, burgesiak gauzatzen dutena eta lurralde honetako langileriak pairatzen duena. Zapalkuntza horrek bi aldagai ditu: kulturala eta politikoa. Bi aldagai horiek harreman estua izan dute garapen kapitalistarekin, izan ere, garapena Espainiaren zein Frantziaren markoen eta logikaren pean egin izana erabakigarria izan da: nazio merkatuaren sorreragatik, hizkuntza homogeneizazioaren auzian, mugen kontrol militarraren ezartzeanā¦
Alde batetik, zapalkuntza kulturala eta bereziki linguistikoa, aurretik zetorren arren, modu kontzientean inposatu da, euskara gutxituz eta bere garapena oztopatuz estatu mailako instituzioen bitartez. Horrek maila sozialean eragin zuzena izan du. Beste alde batetik, zapalkuntza politikoari dagokionez, autodeterminazio eskubidearen ukapenari egiten diogu erreferentzia, hau da, Euskal Herriaren estatu-artikulazio borondateari.
"Zapalkuntza kulturala eta bereziki linguistikoa, aurretik zetorren arren, modu kontzientean inposatu da, euskara gutxituz eta bere garapena oztopatuz estatu mailako instituzioen bitartez"
Aipatzekoa da, ordea, Euskal Herriko burgesiaren interesak Frantziako eta Espainiako gobernuek ordezkatzen dituztela hein batean: Europar Batasunarekiko egonkortasuna, onura fiskalak, merkatu zabalago baterako irisgarritasuna eta abar emanez. Eta, era berean, nazio merkatuaz ere probesten dira, hau da, euskal burgesia euskal zein munduko langileriaren esplotazioaren bidez aberasten da. Hortaz, ez da oro har euskalduna zapaldua, baizik eta euskal langileria.
Nazio zapaldu bat da, hortaz, Euskal Herria. Zein da hura askatzeko proposamen politikoa? Zeintzuk dira aldarrikapenak?
D.A: Nazio zapalkuntzari aurre egiteko, asko dira balizko nazio batasun bat aldarrikatzen tematu direnak ezaguna dugun interklasismoaren bidez. Hala ere, hainbat klase zein talde politiko izan dira nazio askapen prozesuaren buru, eta praktikan bakoitzak bere klase interesak lehenetsi ditu, aurkakoak diren proiektu nazionalak defendatuz. Adibidez, erdi mailako klaseak burgesiarekin itunak egitera jo ohi izan du, bai arlo sozialean, bai nazionalean.
Azken urteetan, alderdi nazionalisten artean, proiektu autonomistek hartu dute lekua, independentziarena alboratuz. Erreibindikazio asko autogobernu kuoten eskakizun bilakatu dira. Hala ere, aipatzekoa da egiten duten independentziaren aldarrikapena ez dela neutroa, beren proiektu sozialdemokrata ideala gauzatzeko aurrebaldintza baizik. Gaur egun, proiektu hori historikoki agortuta dago eta inoiz baino antiproletarioagoa da.
Proletalgo iraultzailearen kasuan, bere programa historikoa defendatzen du: komunismoa, zapalkuntza ororen gaindipena. Beraz, eduki sozialistaz betetzen du bere proiektua eta iraultza sozialistaren bidez ebatziko du nazio auzia. Horregatik, independentzia jada ez da ezerren aurrebaldintza, baizik eta sozialismoaren eraikuntzaren emaitza. Zentzu horretan, Euskal Estatu Sozialista aldarrikatzen dugu, nazio zapalkuntza gainditzeko eta askapen osoa erdiesteko baldintzak jarriko baititu. Horrekin batera, iraganeko borroka aitortzeko eta etorkizunekoa ahalbidetzeko, amnistiaren garrantzia azpimarratu nahi dugu.
"Horregatik, independentzia jada ez da ezerren aurrebaldintza, baizik eta sozialismoaren eraikuntzaren emaitza"
Mahaigaineratutako aldarrikapenak xehatzen hasteko, amnistiaren lanketarekin zer aldarrikatu nahi duzue?
Garazi Navarro: Amnistiaren aldarrikapena bi zentzutan egiten dugu. Alde batetik, Euskal Herriaren askatasun sozial eta nazionalaren aldeko mugimendua goitik behera errepresioak zeharkatu du, eta horren bidezko ebazpen modura ulertzen dugu. Izan ere, benetako Euskal Herri aske bat eraiki nahi badugu, errepresioak eta jazarpenak eragindako ondorioen ebazpena ezinbestekoa dela ulertzen dugu. Eta, beste alde batetik, komunismoa zein Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko militantzia iraultzailerako baldintzen borrokarako beharrezko aldarrikapen bezala ikusten dugu.
Presoen auzia ebaztea ezinbestekoa da hortaz nazio zapalkuntzaren gaindipen prozesurako.
G.N: Bai. Esan bezala, jendarte sozialista eta Euskal Herri sozialista egituratzeko borondatea erreprimitua izan da hamarkada luzeetan zehar. Errepresio horrek eragin duen sufrimenduari amaiera eman behar zaio: ehunka preso politiko, salbuespen politiken normalizazioa, torturak, jazarpen politikoa, polizia presentzia itogarriakā¦
Hala ere, amnistiari zentzu zabalago bat ematen diozue, ez da iragandako ziklo baten aterabidea soilik.
G.N: Hori da. Euskal Herrian ziklo bat itxi bada ere, militantzia iraultzailea beti jazarria eta erreprimitua izango dela ulertzen dugu; erregimena eta ordena kolokan jartzen dituen edukia eta antolakuntza direlako desagerrarazi nahi dituztenak. Burgesiak oztopoak jarriko ditu beti proiektu errealki iraultzaileak garatu ez daitezen, baita euskal burgesiak eta bere alderdiek ere, nahiz eta euren burua abertzale modura aldarrikatu, azken hamarkadetako historiak erakusten digun bezala. Burgesiaren nazio proiektua Euskal Estatu Sozialistaren proiektuarekin etengabe kontraesanean sartzen denez, azken hau etengabe erreprimitua, kriminalizatua eta desitxuratua izaten da.
Horregatik, errepresioak dirauen bitartean, gure ustez ezinbestekoa da proletalgoaren eskubide politikoen auzia lantzea. Ez auzi juridiko soil bezala ulertuta, baizik eta militantzia politikoaren zilegitasun kulturalerako bide bezala. Horregatik aldarrikatzen dugu amnistia, militantzia eta borroka iraultzailerako baldintzen defentsarako aldarrikapen estrategikotzat jotzen baitugu: presoen kaleratzea, estatuen jazarpenei aurre egiteko gaitasuna, militatzeko onarpen kulturala, eta abar. Aldarrikapen horren gauzapen osoa, noski, estatu sozialistarekin soilik gertatuko da.
"Horregatik aldarrikatzen dugu amnistia, militantzia eta borroka iraultzailerako baldintzen defentsarako aldarrikapen estrategikotzat jotzen baitugu"
Euskal Estatu Sozialista aipatu duzue Euskal Herriak bizi duen nazio zapalkuntzari aterabidea emateko helburu estrategiko bezala. Zer da Euskal Estatu Sozialista?
G.N: Euskal Estatu Sozialista klase boterearen antolakuntza-adierazpen goren bezala ulertzen dugu. Gizartea antolatzeko beste forma bat da, non langileriak lurraldearen gaineko kontrola ezartzeko gaitasuna duen; finean, langileriaren botereak burgesiaren boterea ordezkatzen duen unea. Noski, nazioarteko jendarte sozialistaren eraikuntzak eta Euskal Estatu Sozialistak eskutik emanda joan behar dute.
Zein da aipatzen duzuen gizartea antolatzeko beste eredu hori?
G.N: Jendartea errealki askea den gizarte eredu bat izan behar du, lurralde bat askea izan dadin, nahi eta nahi ez, bertako jendartearen askatasunarekin batera izan behar da-eta. Komuniston ikuspegitik, jendarte aske batek klaserik gabeko, eta, beraz, esplotaziorik gabeko gizarte bat du oinarrian. Ezinbestekoa da, beraz, Euskal Herrian, gainontzeko zentro inperialista guztian bezala, indarrean dagoen dinamika kapitalistatik ateratzea.
Euskal Estatu Sozialistak, hortaz, klase gizartearen gaindipena galdegiten du; egitura ekonomikoen, indar edo gaitasun produktiboen, eta aberastasun sozialaren sozializazioa, hain zuzen. Era berean, komunismoaren aldarrikapen historikoekin bat eginda, kultur ondarearen garapenerako aukerak eskaini behar ditu, horren zabalpenerako eta hedapenerako aukerak sustatzearekin batera.
Euskararen auziarekin, esaterako, gaur egun ez dago euskaraz bizitzeko eta ikasteko baldintza errealik, ezta horren garapenerako eta hedapenerako ere. Guk konpromisoa hartzen dugu, bide horretan, euskararen sustapenerako eta hedapenerako baldintzak eraikitzeko. Halaber, premiazkoa da zapalkuntza forma eta ideologia zapaltzaile oro gainditzeko langileriaren instituzioak eraikitzea. Izan ere, zapalkuntzak kapitalismoari errentagarriak eta baliagarriak zaizkion moduan, sozialismoan kontrara gertatzen da. Horregatik du sozialismoak edozein zapalkuntzaren erroko gaindipenerako asmoa. Azkenik, ezinbestekotzat jotzen dugu jendarte aske baterako bidean proletariotzaren askatasun politikoak eta zibilak bermatuta egotea.
"Euskal Estatu Sozialistak, hortaz, klase gizartearen gaindipena galdegiten du; egitura ekonomikoen, indar edo gaitasun produktiboen, eta aberastasun sozialaren sozializazioa, hain zuzen"
Epe luzerako helburu hori nola elikatzen duzue gaurdanik?
G.N: Prozesu Sozialistak ahalik eta lurralde gehienetan indarrean jarriz, eta ahal den zuhurtzia gehienarekin. Euskal Estatu Sozialista ez da egun batetik bestera gertatzen den zerbait; ez da aurretiaz iragarri daitekeen zerbait, ezta prozesu lineal bat ere. Euskal Estatu Sozialistara bidean baldintzak eraikitzea gaurdanik egin beharreko zerbait dela ulertzen dugu, apurka proletalgoaren antolakuntza gaitasunak handituz eta horren mesedera egongo diren instituzioak sortuz egin behar dena.
Gaur-gaurkoz, kultura komunista hedatzen saiatzea da gure helburu nagusietako bat. Sortzen ari garen indar militante oso baten helburu estrategikoa da mundu mailako sozialismoa, eta, horrekin, baita Euskal Estatu Sozialista ere. Gure eguneroko jardunean norabide hori irudikatzen saiatzen gara; finean, Prozesu Sozialista hori elikatzera bidean jarduten dugu.
Prozesu Sozialista ahalik eta lurralde handienean hedatzea da zuen helburuetako bat, beraz.
D.A: Sozialismoa bere forma garatuenean izan dadin, ezinbestekoa da ahalik eta lurralde gehienetan lurralderatuta egotea. Beste era batera esanda, sozialismoa lurralde bakar batean ezin dela garatu ulertzen dugu. Guretzat, beraz, internazionalismoa ez da oinarri ideologiko huts bat, baizik eta betebehar praktiko bat. Hortik tiraka, ezinbestekoa da egun existitzen diren lurralde egituraketa gehienetan Prozesu Sozialistak abiaraztea eta langile antolakuntzaren forma desberdinak sustatzea.
Bide horretan, botere burgesa benetan borrokatu nahi badugu, burgesia antolatuta dagoen maila berean antolatzea dagokigu. Horregatik, ilusioz eta arduraz hartzen dugu Prozesu Sozialistaren hedapena Euskal Herritik kanpo ere; are, gure ustez Prozesu Sozialista benetan eraginkor bat Europa mailako antolakuntza bat lortzen dugunean izango dela jakinda. Izan ere, hori da botere erreala ardazten den mailarik txikiena. Hala ere, horrek ez du esan nahi ez dugunik uste botere eta indar horien delegazioak existitzen ez direnik estatu zein nazio forman, eta horregatik antolatzen gara posible zaigun maila guztietan, eraginkorrak izateko modu bakarra baita.
"Sozialismoa bere forma garatuenean eman dadin, ezinbestekoa da ahalik eta lurralde gehienetan lurralderatuta egotea"
Nola uztartzen dira Prozesu Sozialista eta nazio zapalduen autodeterminazioa?
D.A: Ezinbesteko premisatzat daukagu sozialismoaren hedatzea nazio zapalkuntza modu positiboan ebazteko eta nazioarteko proiektu komunista batekin batera garatu ahal izateko. Hau da, ez ditugu modu kontraesankor batean ikusten Prozesu Sozialistaren hedapena eta nazio auziaren ebazpena, kontrara baizik: sozialismoaren aldeko indar erreal batek jarriko ditu baldintzak Euskal Estatu Sozialista gara dadin. Nazio zapalduetako langileentzako irtenbide bezala ulertzen dugu autodeterminazio eskubidea.
Horretarako, ezinbestekoa da masa alderdi komunista handiak egituratuta izatea nazioarte mailan, prozesu askatzaileak proletalgoaren beharrizanak asetzeko prozesuak izan daitezen, eta ez burgesia nazionalak bereganatuko dituenak. Gure helburua nazio zapalkuntzen aurkako grina langileen artean askatasun unibertsalarekin batzea da, hots, sozialismoarekin.
"Ez dugu modu kontraesankor batean ikusten prozesu sozialistaren hedapena nazio auziaren ebazpenarekin, kontrara baizik: sozialismoaren aldeko indar erreal batek jarriko ditu baldintzak Euskal Estatu Sozialista gara dadin"