Ostegun eguerdian, erasora jo zuen 15 urteko mutil batek Nantesko (Loira Atlantikoa) Notre-Dame-de-Toutes-Aides institutuan. Adin bereko neska bat erail zuen, 57 labankada emanez, eta beste hiru gazte zauritu zituen. Eskola horretako batxilergoko ikasleak dira guztiak.
Antza denez, erasoa egin aurretik, erasotzaileak minutu batzuk eman zituen komunean itxita, eta bere kopeta moztu zuela labana batekin. Gainera, badirudi mezu bat bidali ziela milaka ikasleri posta elektroniko bidez. Honela zioen mezuan, besteak beste: "Errebolta da lor dezakegun garaipenik handiena".
Gerora jakinarazi dutenez, institutuan lekukotzak bildu ostean, Antoine Leroy Nantesko fiskalak baieztatu du erasotzaileak Adolf Hitler faxistarekiko "lilura" sentitzen duela. Europan, ohikoa izaten ari da, halako eraso eta atentatu armatuen ostean, erasotzaileen ideologia edo joera faxistaren berri ematea. Martxoan bertan, adibidez, Mannheimen (Alemania) ibilgailu batekin bi lagun erail eta 11 pertsona zauritu zituen gizonezkoak aurrekariak zituen gorroto-delitu faxistengatik.