Nakbaren 76. urteurrena izango da bihar, maiatzaren 15ean. Horren harira, mobilizazio ugari izango dira datozen egunetan Euskal Herrian, Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko eta Israelgo Estatua "borrokatzera, desnormalizatzera eta suntsitzera" deitzeko. Besteak beste, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS), Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), Ikasle Abertzaleakek (IA), Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Israeli Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak (BDZ) plataformak egin dituzte mobilizazio deialdiak.
Esaterako, biharko protestak antolatu dituzte hainbat eta hainbat eskualdetako Kontseilu Sozialistek, Israelen eta bere Mendebaldeko konplizeen aurka lelopean. Mobilizazioak izango dira Zumaian (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa), Ondarroan (Bizkaia), Irurtzunen (Nafarroa), Hondarribian (Gipuzkoa), Hernanin (Gipuzkoa), Gernikan (Bizkaia), Garesen (Nafarroa), Galdakaon (Bizkaia), Eibarren (Gipuzkoa), Durangon (Bizkaia), Beasainen (Gipuzkoa), Baionan (Lapurdi), Azpeitian (Gipuzkoa) eta Arrasaten (Gipuzkoa). Tokian tokiko Kontseilu Sozialistek argitaratu dituzte jada deialdi zehatzak, euren sare sozialen bidez.
Beste hainbat herritan, ordea, GKSk deitu du mobilizatzera; hala nola, Laudion (Araba), Elizondon (Nafarroa), Ortuellan (Bizkaia) eta Izarran (Araba).
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta zenbait herritan, gainera, gaurko eta biharko prestatu dituzte beste hainbat mobilizazio BDZk eta Palestinarekin Elkartasunak. BDZk gaurko deitu du protestara Iruñean (Nafarroa), eta
biharko Donostian (Gipuzkoa), Bilbon (Bizkaia) eta Gasteizen (Araba).
Palestinarekin Elkartasunak, berriz, biharko antolatu ditu
mobilizazioak Altsasun (Nafarroa) eta Lizarran (Nafarroa). Horietan parte hartzera ere deitu du EHKSk.
Hezkuntzan etenik ez
IAk, bestalde, kanpaldiak egin zituen unibertsitatean aurreko astean. Horiek bukatzean, mobilizatzen jarraitzeko deia egin zuen: aste honetan zehar, bigarren hezkuntzan jo du protestara hainbat herritan. IAk lekuan leku dituen taldeak ari dira ikastetxeetako deialdiak zabaltzen, euren sare sozialetan.
Eskoletako elkarretaratzeez gain, Iruñerrian itxialdiak antolatu dituzte IAko militanteek: Biurdanan, Iturraman, Askatasunan, Alaitzen, Eunaten eta Sarrigurenen egingo dituzte itxialdiak ikasleek.
Protestak ospitaleetan
Herriz herri izango diren mobilizazioez gain, oraingoan ospitaleetan ere egingo ditu protestak Palestinarekin Elkartasunak. Zehazki, bost ospitaletan luzatu ditu deialdiak biharko. 07:30ean izango da Donostiako elkarretaratzea, Arantzazu eraikineko sarreran; 07:45ean Gurutzetakoa (Barakaldo, Bizkaia) eta Arrasatekoa (Gipuzkoa), bi ospitaleetako sarreretan; 08:15erako deitu dute kontzentraziora Gasteizko Txagorritxun, eta 11:00etan izango da protesta bat Iruñeko Principe de Viana aurrean.
Manifestazio nazionala larunbatean, Iruñean
Aipatutako deialdi guztiez gain, larunbat honetarako, maiatzaren 18rako, hitzordu garrantzitsu bat jarri du Palestinarekin Elkartasuna plataformak: manifestazio nazional bat izango da Iruñean, Palestina askatu! Israel borrokatu, desnormalizatu, suntsitu! aldarritzat hartuta. Antoniuttitik irtengo da mobilizazioa, eguerdiko 12:30ean.