AKTUALITATEA / Palestina
Nakbaren 78. urteurrenean mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak
Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean antolatu ditu mobilizazioak maiatzaren 15erako. 78 urte beteko dira Israelgo Estatua bortxaz sortu zutenetik: "Milioi eta erdi arabiarretatik 750.000 desplazatuak izan ziren, 500 herrixka baino gehiago suntsituak izan ziren, [...] eta milaka pertsona erail, bortxatu edo torturatu zituzten".
2026eko maiatzaren 5 - 09:49
Nakbaren 78. urteurrenean mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak

Aurten 78 urte beteko dira Nakba deiturikotik: palestinarren aurkako sarraski sistematikoaren bidez Israelgo Estatuaren zimenduak jartzeari ekin ziotenetik. Urteurrena dela-eta, maiatzaren 15ean mobilizazioak egingo ditu Palestinarekin Elkartasuna plataformak, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan; "Nakba gogoratzeko, hondamendiak jarraitzen duela eta hedatzen ari dela salatzeko, eta horren aurka, desegin arte Israelen aurrean erresistentzia aldarrikatzeko". Ostiralez, Bilbon 18:30ean abiatuko da manifestazioa Eliptika Plazatik; Donostian eta Gasteizen 19:00etan mobilizatuko dira, Bulebarretik eta Andre Mari Zuriaren Plazatik hasita; eta Iruñean, berriz, 22:00etan izango da gaueko martxa bat, udaletxe aurretik abiatuta. 

"1948an, orain dela 78 urte, indarkeria eta suntsipenaren bidez sortu zen Israelgo Estatua: milioi eta erdi arabiarretatik 750.000 desplazatuak izan ziren, 500 herrixka baino gehiago suntsituak izan ziren, lur horietan kolonia israeldarrak eraikitzeko, eta milaka pertsona erail, bortxatu edo torturatu zituzten. Prozesu horri Nakba deitzen zaio, hondamendia arabieraz", ekarri du gogora gaur Palestinarekin Elkartasunak. Azaldu du, gainera, gaur egun ere jarraitzen duela hondamendiak eta hedatzen ari dela: "Israel hondamendia zabaltzen ari da. Libanon, Iranen eta mundu osoan eragina izango duten gerrak sortzen ari da". Eta gehitu du: "2023ko urritik, entitate sionistak inoiz baino argiago erakutsi du bere benetako asmoa; garbiketa etnikoa eta Israel Handiaren proiektua. Are gehiago, Palestinako mugetatik gaindi, Eufrates eta Niloren arteko eskualde osora zabaltzen ari da bere proiektu kolonizatzailea, mugimendu sionistaren sorrerako proiektuari jarraituz".

Plataformak defendatu du ezinbestekoa dela "Israelen zilegitasuna auzitan jartzea": "Israelen existentziak eta bere proiektu kolonialak, ezinbestean, garbiketa etnikoa dakar Palestinako eta Libanoko arabiarrentzat eta gerra Mendebaldeko Asia osoarentzat". Horiek horrela, esan du "Palestinaren askatasuna eta eskualde osoko herri langileen askatasunak Israel konfrontatu eta desegitea galdegiten" duela; eta Israelen eta AEBen aurrean erresistentzia gauzatzeko eskubidea erreibindikatu du "Mediterraneo itsasoaren bi aldeetan, bai han eta baita hemen ere".

AEBen eta Mendebaldearen konplizitatea indarrean

Plataformak berriz begiratu du gertura Palestinako sarraskiaz hitz egitean, gogorarazi baitu "Israelek ezingo liokeela eutsi Gazako sarraskiari, ezta Palestina osoko eta eskualdeko eraso basatiei ere, AEBetako eta Mendebalde kolonialeko bere kide kriminalen laguntzarik gabe; horiek ematen baitizkiote armamentua, finantzaketa eta babesa". Horren arrazoia argi du, gainera: "Israel ezinbesteko pieza da AEBek eta Europak Mendebaldeko Asiako baliabide energetikoak eta merkataritza-ibilbideak kontrolpean izateko".

Azken berriei erreparatuta, Israelgo Parlamentuaren mugimendu berriak seinalatu ditu Palestinarekin Elkartasunak: "Sionismoaren izaera arrazista agerian uzten duen legea onartu berri du, palestinarrei heriotza-zigorra ezartzea ahalbidetzen duen legea. Neurri hori joan den martxoaren 30ean berretsi zen, beste hainbatetan bezala nazioarteko komunitatearen utzikeria konplizearen aurrean, eta behin betiko urratsa da genozidioa instituzionalizatzeko eta apartheid sistema sendotzeko". Hori gutxi balitz, nazioartean Palestinaren alde indartu den elkartasun-mugimenduak jasandako "aurrekaririk gabeko mehatxu eta jazarpen neurriek" ere uzten dute agerian Mendebaldeak estatu sionistarekin duen konplizitatea, plataformaren esanetan. Hori guztia salatuko dute maiatzaren 15ean, "Hondamendira garamatzate. Israel desegin. Erresistentzia aurrera" lelopean.