AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Noticias de Navarra
2023/10/30 19:45

Langile baten egoera eta Mutua Navarrak egindako erasoa azaldu ditu berriki Iruñerriko (Nafarroa) Laneko Autodefentsa Sareak. Beharginak iazko martxoan jasan zuen in itinere lan-istripu bat, eta hautsi egin zuen gorputzeko lotailu gurutzatu bat, besteak beste. Istripua izan eta Mutua Navarrarengana jo zuenean, ordea, mutualitateak ez zituen langileak istripuan jasandako haustura guztiak aitortu eta jaso. Eta, horri lotuta, ez zituen bere gain hartu nahi izan beharginari egin beharreko ebakuntzaren eta horren ondorengo errehabilitazioaren kostu denak.

LASek jakinarazi duenez, gainera, urte horretako irailean eman zion alta langileari, "oraindik osatuta eta lanera joateko moduan" ez zegoenean. Are gehiago: gaur egun ere ez dago erabat sendatuta eta "fisikoki lana betetzeko" moduan, altan hamahiru hilabete daramatzan arren.

9.000 euroko zorra

Hori gutxi balitz, Mutua Navarrak uko egin dio laneko bajari lotutako diru-laguntza emateari, bai eta istripuaren ondorioz langileari egin behar izan dioten ebakuntzaren eta errehabilitazioaren kostua bere gain hartzeari ere. "Horrek guztiak zorpetzea eta miseria ekonomikoa ekarri dizkio langileari. Gaur-gaurkoz 9.000 euroko zorra du, Mutua Navarrak ordaindu beharrekoa", salatu du LASek.

Langileen osasuna ere, merkantilizatuta

"Lanpostuan zein horretatik kanpo langileon kontra aplikatzen diren gehiegikeria-praktiken beste adibide bat" da gertatutakoa, nabarmendu duenez: "Osasuna merkantilizatu izanaren eraginez, geure ongizate fisiko eta mentala, gauza oinarrizko-oinarrizkoak, bigarren mailako kontu bihurtu dira, enpresen irabaziari eta errentagarritasunari ematen baitzaie lehentasuna, eta ez langileok osasuntsu egoteari".

Zentzu horretan, mutualitateek edota Poliziak "mertzenario eginkizuna betetzen" dutela uste du LASek, eta "enpresen eta langileen arteko bitartekari perfektu bilakatu" direla.

"Kondenatu nahi gaituzten pobretze eta miseria-egoeren aurrean, guk, lanpostuan eta lanpostutik kanpo gehiegikeriekin amaitzeko, autodefentsa kolektiboko sareak ehuntzearen alde egiten dugu apustu, eta, beraz, borrokan jarraitu behar dugu enpresarien eta haien bitartekarien inpunitatearen aurka", gaineratu dute LASeko kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK