AKTUALITATEA / Langile-klasearen pobretzea
Muskiz-Las Arenas linea mantentzearen aldeko aldarria Trapagaranen
Aurreko astean protesta bat izan zen Subflubiala Ez plataformak deituta, "Meatzaldea eta eskumaldea lotzeko garraio publiko bidezko linea bakarraren desagerpena" salatzeko.
2026eko ekainaren 23 - 09:56
Muskiz-Las Arenas linea mantentzearen aldeko aldarria Trapagaranen

Aurreko ostegunean, ekainaren 18an, elkarretaratze bat egin zuten Trapagarango Llano plazan, Muskiz-Las Arenas autobus-linea desagerrarazi nahi dutela salatzeko. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa da A3338 linea Muskiz-Ansio linea bihurtzea, gaur egun "Meatzaldea eta eskumaldea lotzeko garraio publiko bidezko linea bakarra" dena bertan behera utziz, Subflubiala Ez plataformak salatu duen modura.

Ohartarazi duenez, aldaketak Trapaga, Ortuella, Abanto eta Muskizko udalerrien arteko lotura okerragotuko du gainera, baita Leioaren eta Barakaldoren artekoa ere. Hori gutxi balitz, "Rontegi zubiak bizi duen trafiko-kolapso egoera areagotu" egingo da, "orain arte autobusa hartzen zuen jende asko autoa hartzera bultzatuko baitute". Subflubiala Ezetik seinalatu dutenez, erabakiak erakusten du diputazioak "kotxearen alde egiten duela, garraio publikoa baztertuz": "Trapaga eta Leioaren arteko autobide bat egiteko 500 milioi euro baino gehiago gastatu nahi dituen bitartean, udalerri bi horien arteko garraio publiko bidezko lotura bakarra desagerrarazi nahi du".

Aurreko asteko elkarretaratzean, Bizkaiko Foru Alfundiari exijitu zioten Muskiz-Las Arenas linea manten dezala eta subflubialaren proiektua bertan behera utz dezala, "diru hori garraio publikoa bultzatzeko" erabil dadin. Leioa eta Portugalete arteko itsasadarraren azpian egin nahi dute subflubiala.