Labe industrialak ekoizten dituzte Mungiako (Bizkaia) Termopan enpresan. Lantegia uztailetik dago hartzekodunen konkurtso batean sartuta, eta berandu baino lehen itxi nahi dute. Orain, enplegu-erregulazioko espediente bat ezartzeko prozedura jarri dute martxan, eta baldintzak negoziatzen hasiak dira zuzendaritza eta sindikatuak.
54 langilek jarduten dute Termopanen, eta salatu dute hilabeteak daramatzatela soldatarik kobratu gabe. Azken urtean 30 beharginek egin dute alde enpresatik, besteak beste, askotan egon direlako soldatarik jaso gabe. Langileek jakinarazi dute, gainera, enpresako zuzendaritzak murriztu egin duela lantokiko lan-karga.