AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/20 12:20

Gaur-gaurkoz, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 193 estatu aitortzen ditu, eta horien herenari ezartzen dio zigor ekonomikoren bat Amerikako Estatu Batuetako (AEBak) gobernuak, beste edozein agente politikok baino hiru bider gehiago. 1960an, munduko herrialdeen %4k baino ez zeukaten zigorren bat. Beraz, zigorrak jartzeko joera handitu egin da AEBetako azken lau gobernuekin; batez ere Bidenen administrazioarekin, zeinak inoizko zigor kopururik handiena ezarri zuen: 6.000 zigor, bi urtean.

Zigorrak jartzeko joera handitu egin da AEBetako azken lau gobernuekin; batez ere Bidenen administrazioarekin, zeinak inoizko zigor kopururik handiena ezarri zuen: 6.000 zigor, bi urtean

Mundu osoko biztanleria 8.000 milioitik gorakoa da, eta NATO osatzen duten estatuek horren guztiaren %12 baino ez dute hartzen. Irudia osatzen lagun dezake pentsatzeak badirela hainbat estatu, eurak soilik, zifra hori gainditzen dutenak. Horixe da Txinaren kasua, munduko biztanleriaren %17,8 hartzen duena, edota Indiaren kasua, %17,5eko portzentajearekin. Demografiaren eta kontrolaren arteko arrakala hori kudeatzeko, hainbat dira NATOk eta bere buru diren AEBek eskura dituzten tresnak.

Zigorren eraginak

AEBetako Ekonomia- eta Politika-Ikerketarako Zentroak (CEPR, ingelerazko sigletan) txosten bat argitaratu zuen iaz, zigor horien eragina aztertzen. Ikerketak erakusten duena da, batetik, zigor horien ondoriorik larrienak egoera ekonomikorik kaskarrena dutenek pairatzen dituztela bereziki: populazioaren %80 txiroenaren diru-sarrerak are gehiago murrizten dira, eta kontrakoa gertatzen zaio %20 aberatsenari.

Zigor horien ondoriorik larrienak egoera ekonomikorik kaskarrena dutenek pairatzen dituzte bereziki: populazioaren %80 txiroenaren diru-sarrerak are gehiago murrizten dira, eta kontrakoa gertatzen zaio %20 aberatsenari

Bestetik, AEBek ezarritako zigorrek, batez beste, %3,8 jaisten dute herrialde bakoitzeko Barne Produktu Gordina (BPG), eta %7,9ra hel daiteke jaitsiera hori, herrialde gehiagok zigorrak babesten badituzte. Horrekin batera, AEBen zigorrek, batez beste %14 handitzen dute zigortutako herrialdeko pobrezia-maila, eta 0,5 puntuko jaitsiera eragiten dute bertako bizi-itxaropenean. Txostenak beste zenbait ikerketaren emaitzak ere biltzen ditu, frogatzen dutenak hilkortasuna %35 igotzea eragin dezaketela aipatutako zigorrek.

Lobbyen demokrazia

2001eko irailaren 11tik eta Afganistango gerra hasi zenetik hona, ikaragarrizko gorakada izan du Pentagonoaren aurrekontuak. Erasoen ondorengo lehen urtean, %10 baino gehiago handitu zen aurrekontu hori, eta hamarkada batez ez zion handitzeari utzi, 2010ean 800.000 milioi dolar baino gehiagorekin goia jo zuenera arte.

Erasoen ondorengo lehen urtean, %10 baino gehiago handitu zen aurrekontu hori [AEBena], eta hamarkada batez ez zion handitzeari utzi, 2010ean 800.000 milioi dolar baino gehiagorekin goia jo zuenera arte

Mende aldaketatik, guztira 14,1 bilioi dolarretik gorakoak izan dira Pentagonoaren gastuak. Funts horien herena kontratista militarrentzat izan da: izan ere, armak eskuratzeko eta ikerketarako eta garapenerako (I+G) inbertitutako 4,4 mila milioi dolarretatik, gehienek amaitu dute kontratista korporatiboen poltsikoetan. Gainerakoa funtzionario militar eta zibilen soldatak ordaintzeko erabili da, bai eta gastu operatiboetarako ere.

Pentagonoaren azken urteetako kontratuen herena bost enpresa handiri esleitu zaie: Lockheed Martin, Boeing, General Dynamics, Raytheon eta Northrop Grumman. 2020an, Lockheed Martinek soilik, 75.000 milioi dolar jaso zituen kontratuetan, AEBetako Estatu-Departamentuaren eta Nazioarteko Garapenerako Agentziaren aurrekontu konbinatuaren bikoitza (44.000 milioi dolar) baino gehiago. Gainera, AEBetako azken bost defentsa-idazkarietatik lau zetozen enpresa horietatik.

Pentagonoaren azken urteetako kontratuen herena bost enpresa handiri esleitu zaie: Lockheed Martin, Boeing, General Dynamics, Raytheon eta Northrop Grumman

Armagintza-enpresek 2,5 mila milioi dolar gastatu dituzte eraginetan azken bi hamarkadetan, eta urtean 700 lobbysta baino gehiago erabili dituzte azken bost urteetan, AEBetako Kongresuko kide bakoitzeko bat baino gehiago. Gerra garaian, enpresa askok baliatu zuten egoera iruzur egiteko. 2011n, Gerra Garaiko Kontratazioari buruzko Batzordeak kalkulatu zuen xahuketak eta iruzurrak 31.000 milioi eta 60.000 milioi dolar artekoak izan zirela.

EZ DAGO IRUZKINIK