AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/24 18:54

Mundu-mailako desberdintasun ekonomikoei buruzko azterketa bat argitaratu du Oxfan Intermonek. Txostenean seinalatzen duenez, mundu osoko populazioaren %1 aberatsenak populazio osoaren %95ek baino aberastasun handiagoa metatzen du. Populazioaren %1 aberatsena, gainera, finantza-aktiboen %43ren jabe da, eta desparekotasunik handiena nekazaritzaren eta elikaduraren sektorean aurki daiteke. Bi multinazionalek kontrolatzen dute, adibidez, hazien merkatuaren %40.

Ildo horretan, txostenean azpimarratzen dute 20 bilioi dolar dituztela aktiboetan BlackRock, State Street eta Vanguard enpresa estatubatuarrek. "Hiru handiak" ezizenez ezagutzen dira enpresa horiek: Oxfamen arabera, munduko aktiboen barruan, haien esku daude bostetik bat. 

Gutxi batzuen metaketa erraldoia nabarmena da, beraz, eta horrek ekonomian eragin handia duela salatu dute txostenean. Munduko "50 enpresa handienen heren bat baino gehiagoren jabeek milaka milioi euro dituzte", nabarmendu dutenez, eta enpresa horien guztien "burtsa-kapitalizazioa" 13,3 bilioi dolarrekoa da.

Horrekin batera, munduko eremu batzuen arteko ezberdintasun handiak ere erakusten ditu txostenak, adibidez, "hegoalde globalaren" eta "lehen munduaren" arteko aldeak. Izan ere, munduko aberastasunaren %31 bakarrik pilatzen du "hegoalde globalak", munduko populazioaren gehiengoa bertan bizi arren: %79.

Putre-funtsak eta farmaziaren industria jopuntuan

Hala, "aberatsenek eta megaenpresek haien neurriko arauak egiten dituzte, populazioaren kontura", ondorioztatzen du txostenak. Adibide argi bat ematen du aditzera: hartzekodun pribatuek merke erosten dituzte "errenta ertain edo txikia duten herrialdeen" kanpo-zorra, eta, "mekanismo legalak erabiliz", zor osoa ordainaraztea lortzen dute, zorraren balioa igo ondoren. Hedge fund edo putre-funts bezala ezagutzen dira agente horiek.

Bestalde, enpresa farmazeutikoek COVID-19aren pandemia baliatu dutela eta, txertoaren monopolioaren bidez, irabazi handiak metatu dituztela azaltzen du azterketak. 2021ean txertoaren "zazpi ekoizlerik handienek 50.000 milioi dolarreko irabaziak pilatu zituzten".

Bien bitartean, txertoari lotutako teknologia partekatzearen aurka agertu dira farmazia-industriako jabeak: hori "zentzugabekeria hutsa" zela adierazi zuen Albert Bourla Pfizerren zuzendariak, txostenean nabarmentzen dutenez. Modu horretan, txertoak munduan zehar behar bezala zabaldu ordez, "ez ziren modu parekatuan banatu"; eta, ondorioz, "1,3 milioi pertsona hil egin ziren", azterketaren arabera.

EZ DAGO IRUZKINIK