Oñatin eta Itsasun Euskal Estatu Sozialista izan dute aldarri Aberri Egunean

Kontseilu Sozialista Deba Bailarak deituta, elkarretaratze bat eta ekitaldi bat egin dituzte Oñatin; Itsasun, aldiz, beste ekitaldi bat antolatu du Ipar Euskal Herriko GKSk. Euskal Estatu Sozialista eraikitzen jarraitzeko hautua berretsi dute batean zein bestean.
Argazki Nagusia
2021eko apirilaren 4a

Aberri Eguna da gaur, eta hamaika txokotan kaleratu dute Euskal Estatu Sozialistaren aldarria. Oñatin (Gipuzkoa) eta Itsasun (Lapurdi), esaterako, ekitaldi bana egin dute gaurkoan.

Kontseilu Sozialista Deba Bailarak (Gipuzkoa) prestatu du Oñatiko ekitaldia, Klase gorrotoa antolatu izeneko egitarauaren barruan: 11:30ean Santa Ana aretoan elkartu dira hainbat eta hainbat lagun, eta "borroka egun" gisa aldarrikatu dute Aberri Eguna. "Askatasun politiko unibertsalean sakondu eta hainbat urtez zapalduak izan diren kultur elementuak garatzeko baldintzak sortzea dagokigu. Beraz, esan dezakegu Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza, aldarri hutsa izatetik urrun, gaurdanik egin beharreko apustua dela", azaldu dute Kontseilu Sozialistako kideek.

Ekitaldiaren ostean elkarretaratzea egin dute Oñatiko plazan, Euskal Estatu Sozialista eraiki lelopean.

Itsasun, bestalde, Ipar Euskal Herriko Gazte Koordinadora Sozialistak antolatutako ekitaldia izan da Aberri Eguneko oroitarri aurrean, 15:30ean hasita. GKSko kideen esanetan, "eguneroko lan militantearen bidez Euskal Estatu Sozialistaren alde borrokan segitzeko hautsua berretsi" dute.

Duela 41 urte borrokan bizia galdu zuten Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruiz militanteak ere omendu dituzte gaur Itsasun. "Militantzia politikoaren zentzua defendatzearekin batera, bizia eman duten militanteak memoria kolektiboan atxikitzea dagokigu", adierazi du Ipar Euskal Herriko GKSk.