AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialista
2021/10/27 17:46

Oraindik argitzeke dago Eric Zemmour faxista Frantziako Estatuko hauteskunde presidentzialetara aurkeztuko den edo ez, baina agertoki politikoan lekua hartzen ari da zalantzarik gabe. Bere kanpainaren barruan, Miarritzeko (Lapurdi) Irati aretoan izan zen asteartean, kaleratu duen liburua izenpetzeko.

Bere etorrera salatzeko, areto aurrean protesta egiteko deia zabaldu zuten hainbat kolektibok, besteak beste, Ipar Euskal Herriko Gazte Koordinadora Sozialistak eta pasa den astean argitara atera zen Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. 300 pertsona inguru batu ziren, orotara, Zemmourren aurkako protestan. Polizia-indarrek babestu zuten faxista, dena den.

"Faxismoa errotik borrokatzera" deitu du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. "Krisi garaietan, langile klasea zatitzen duten eskuin muturreko ideologien indar hartzea ofentsiba ekonomiko, politiko eta juridikoaren baitan ulertu behar dugu. [...] Langileriaren batasuna eragoztea, faxismoak botere burgesa mantentzeko betetzen duen funtzio garrantzitsuenetarikoa da, borondate eta antolaketa komunista ezabatzeko saiakerarekin batera", azpimarratu dute Kontseilu Sozialistako kideek.

"Itxura guztien arabera, eskuin muturrak indarra hartzen segituko du, eta ideologia hori borrokatzea dagokigu, ez soilik hitzez eta salaketaz, baizik eta sistema kapitalistak dakarren gaizki izateari aurre eginen dion gizarte eredu bat eraikitzen hasiz", gaineratu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK