AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/11/09 15:00

Indarkeria matxista egiturazko biolentziaren baitan kokatzea beharrezkotzat jo dute Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistako kideek. Zentzu horretan, "harreman kapitalistari biolentzia (izan ezkutukoa edo agerikoa) berezkoa zaiola" eta "gizartearen antolaketa eta langileon izatea bera botere burgesak definitzen dituela" jakinik, azaldu dute langileriak ez duela "bere buruarekiko ez bere bizitzarekiko kontrolik".

Nabarmendu dute, hala, "emakume langileon aurkako biolentziak forma zehatza" hartzen duela egiturazko indarkeriaren barruan: "Hilabete amaierara iritsi ahal izateko gure gorputzak merkantilizatzea, besteen etxea garbitu edo zaindu behar izatea, instituzioek emandako diru apurrarekin miseriak bizi behar izatea, beste batentzat zortzi ordu edo gehiago lan egin ostean, etxean dagoen karga guztia onartu behar izatea, etxea edo lana galtzeko beldur bizi behar izatea", eta abar.

Baldintza horietan, "indarkeria matxistaren bitartez, kapitalak ekonomikoki debaluatua dagoen subjektu zapaldua mantentzea eta hori arau kultural bilakatzea" lortzen duela salatu du Itaiak; alde batetik, "irabazi ekonomiko handiagoak izateko" eta, bestetik, "langileon arteko etsaitasuna indartuz", modu horretan, "langileon antolakuntzarako dugun aukera oro deuseztatuz". Izan ere, adierazi dutenez, "biolentzia matxistaren gauzapena ez da estatu aparatuen bitartez soilik egikaritzen; hain zuzen, azpimarratu dute "egunerokotasunean emakume langileok jasaten ditugun eraso asko eta asko langile klasearen eskutik jasotzen ditugula".

BITARTEKO POLITIKOEN ANTOLAKETA

"Biolentzia matxista errotik desagerrarazteko, gure eginbeharra harreman eredu burgesarekin amaitzea" izan behar dela aldarrikatu dute Itaiako kideek, eta "emakumea klase borrokara batzeko gaitasun sozialistak antolatzeko" deia luzatu dute. Horretarako, "alde batetik, emakumeok egunerokotasunean jasaten ditugun indarkeria kasu bakoitzari- lantokian, etxean, kalean, instituzio burgesetan...- aurre egiteko bitarteko politikoak garatu behar" direla eta, bestetik, "arau kultural matxistak betetzen duen funtzioa identifikatu eta errotik desagerrarazi" behar direla ondorioztatu dute, "antolakuntza komunistaren baitan duen leku eza azpimarratuz".