Aiaraldeko IAk ikas baldintzen hobekuntzarako egindako bi eskaerak bete dituzte Laudioko bi ikastetxeetan

Laudioko insitutuan eta Ikastolan Aiaraldeko IAk egindako eskakizunak onartzea lortu dute ikasleek. COVID-19ak eragindako agertokian, ikas baldintzei lotuta aurkeztu zituzten bi aldarrikapenak: batetik, ikastetxeek ikasturte hasieran zehaztutako egutegi eta ordutegiak errespetatzea eta hortik kanpo ematen diren eskolak bertan behera uztea, eta bestetik, ikasketa prozesua ikasleen beharretara egokitzea. Biak gauzatuta, bukatutzat eman dute borrokaldi hau.
Argazki Nagusia
Argazkia: Aiaraldeko IA
2020ko maiatzaren 28a

Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu programaren baitan, apirilean galdetegi bat jarri zuen martxan Aiaraldeko (Araba eta Bizkaia) Ikasle Abertzaleakek, eskualdeko ikasleengan krisialdi honek eragindako arazo nagusiak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko helburuarekin. 206 erantzun jaso zituzten inkestaren bidez, eta aztertu ostean, bi aldarrikapen egin zituzten maiatzaren 5ean: batetik, ikastetxeek ikasturte hasieran zehaztutako egutegi eta ordutegiak errespetatzea eta hortik kanpo ematen diren eskolak bertan behera uztea, eta bestetik, ikasketa prozesua ikasleen beharretara egokitzea, beharrezkoa den edukia soilik landuz, esaterako.

Aldarrikapen horiei dagokienean babesa lortzeko, sinadura-bilketa bat jarri zuten martxan Aiaraldeko IAko kideek, eta 200 ikasle baino gehiagoren sinadurak bildu zituzten. Babes horrekin, beraz, Laudioko (Araba) institutuari zein Ikastolari bidali zizkieten ikasleen bi eskakizun nagusiak.

Maiatzaren 17an jakinarazi zutenez, institutuko zuzendaritzarekin biltzea eta bi eskaerak onartzea lortu zuten ikasleek. Hala, zuzendaritzako kideek adierazi zuten irizpide berriak gauzatzeko bermeak jarriko zituztela, besteak beste, irakasleekin harremanetan jarriz.

Garaipena Ikastolan ere

Atzokoan, Aiaraldeko IAk sare sozialen bidez jakinarazi zuen Laudioko Ikastolan ere bi eskaerak betetzea lortu dutela ikasleek. Zuzendaritzarekin bildu dira, eta ikastetxeko egoera zehatzera egokituko dituzte eskakizunak.

Bi ikastetxeekin adostutako neurriak bermatuta daudela ziurtatuta, eskualde mailan martxan jarritako borrokaldi hau bukatutzat eman dute Aiaraldeko IAko kideek. Antolakuntzaren garrantzia azpimarratu dute, "gure interesak defendatzen ez dituen egungo hezkuntza sisteman, hori izango baita benetan hobekuntzak lortzeko bide bakarra".