Espainiako Poliziako agenteek Kataluniako, Valentziako eta Madrilgo mugimendu sozial eta politikoetan egindako infiltrazioak albiste izan dira berriro, La Directa egunkariak kasu batzuen xehetasun esklusibo berriak argitaratu eta TV3 telebista-katean erreportaje bat eman ondoren. 2022tik, joera ezkertiar eta independentistako hainbat hedabidek plazaratu dituzte kolektibo politiko eta sozialetan izandako infiltrazio kasu batzuk, bereziki Katalunian, non Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak independentismoari lotutako mugimenduei eta mugimendu sozialei buruzko informazioa lortzeko ahaleginak areagotu dituzten, 2017ko erreferendumaz geroztik. Kasu horiek infiltratutako agenteei buruzko xehetasunak eman dituzte ezagutzera, hala nola haien izenak, jatorriak eta jarduteko modua.
Agenteen infiltrazioa, hasieran, 2017ko erreferendumaren eta ondorengo protesten ondoriozko egoera politiko eta sozialari emandako erantzunaren parte izan zen, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila mobilizatu baitzituzten Kataluniako hainbat kolektiboren monitorizazioan. Gainera, beste infiltratu batzuk Madrilen eta Valentzian topatu dituzte, eta La Directa-k duela gutxi jakinarazi duenez, agenteetako batek onartu zuen Espainiako Estatu osoan daudela infiltratutako poliziak, ez bakarrik Katalunian.
Hala ere, zenbait kasu argitara atera ondoren, Espainiako Poliziako zenbait buruzagik aitortu diote El Confidencial Digital hedabideari agenteak infiltratzea beste espioitza-estrategia batzuk baino "arriskutsuagoa" izan daitekeela. Itxura denez, buru batzuek nahiago dituzte beste mekanismo batzuk, esaterako, txibato batzuk izatea euren esanetara. "Agentearen segurtasuna arriskuan geratzen da bere nortasuna arriskuan jartzen bada", esan dute polizia-iturriek; antza, agenteen benetako nortasuna eta aurpegiak argitaratzeak eragina izan baitu Polizia barruan. Horregatik, infiltrazioen ordez, buru batzuek iradokitzen dute hobea dela jadanik mugimendu horien barruan dauden pertsonak eurenganatzea eta erakartzea, diru truke, "informazioa modu seguru eta eraginkorragoan lortzeko".
Infiltrazioen eraginkortasunari eta arriskuei buruzko barne-eztabaidak gorabehera, badirudi isil-mandatariak erakartzea ohikoa dela inteligentzia- eta segurtasun-zerbitzuen ikerketetan.