AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / G. Roset/A. Segura/ACN
2024/07/26 09:58

Gardentasunerako eta Gobernu Onerako Kontseiluak 2023ko irailean ebatzi zuen, Público hedabidearen eskaera baten ondoren: publikoa izan behar du mugimendu sozialetan Espainiako Gobernuak infiltratu duen polizia-agente kopuruak. Kontseiluak azaldu zuen urte bakoitzeko datuak jakinarazi beharko lituzkeela Barne Ministerioak, baina informazio hori ezkutatzen jarraitzen du Fernando Grande-Marlaska buru duen sailak, hamaika aitzakia erabilita.

Iazko iraileko ebazpen horren ostean, Barne Ministerioak ondoko aitzakia jarri zuen: ez dakiela zer den mugimendu sozial bat eta zer ez, eta, beraz, ezin duela horietan infiltratutako polizien berri eman. Modu horretan segitu zuen informazioa ezkutatzen. Dena den, beste eskaera bat egin zuen Público-k, eta esparrua handitu zuen: ez zuen mugimendu sozialetan infiltratutako agenteei buruzko informazioa soilik exijitu; "edozein motatako mugimendu, talde, banda edo erakundeetan" izandako infiltrazioei buruzko datuak eskatu zituen, Barne Ministerioak erabilitako aitzakia indargabetzeko.

Orain, baina, beste aitzakia bat jarri du Grande-Marlaskaren sailak. Gustu txarreko txantxa bat badirudi ere, esan du ez duela polizia-infiltrazioei buruzko informaziorik eman nahi, "sorgin-ehizak" ekiditeko. Datu horien berri emateak, kolektibo sozialen barruan "jazarpen bidegabeak eta neurrigabeak" eragingo lituzkeela adierazi du, gaineratuta horrek kaltetu egingo lituzkeela "bizitza sozialeko edozein eremutan askatasunez antolatzen diren herritarrak".

Beste aitzakia bat ere erabili izan du ministerioak: informazioa emateak, etorkizunean, "delituen prebentzioa, ikerketa eta zigorra" kaltetuko lituzkeela argudiatu du. Jakin badaki horixe bera dela gardentasunari buruzko legeak markatzen duen mugetako bat, eta horixe erabili du trikimailu modura. Oraingoz, Barne Ministerioaren argudioak gezurtatu ditu Gardentasunerako eta Gobernu Onerako Kontseiluak.

Gutxienez zortzi infiltrazio

2022ko ekainetik hona, zortzi infiltrazio kasuren berri eman dute hainbat hedabidek, hala nola, El Salto-k eta La Directa-k. Madrilen, Bartzelonan, Gironan nahiz Valentzian atzeman dituzte satorrak: Sergio Gigirey (Madrilen egon zen infiltratuta, 2014tik 2021era), Maria Isern (Gironan, 2020tik 2023ra), Daniel Hermoso (Bartzelonan, 2020tik 2022ra), Ignacio Jose Enseñat (Bartzelonan, 2020tik 2022ra), Ramon Muñoz (Valentzian, 2020tik 2022ra), Maria Canillas (Madrilen, 2022tik 2023ra), Lucia Rodriguez (Madrilen, 2020tik 2023ra) eta Carlos Perez (Madrilen, 2020tik 2022ra).

Lege frankista bat helduleku

Informazio hori gordetzeko, Barne Ministerioak sarri esan du zenbait akordio dituela Ministroen Kontseiluarekin, Poliziaren jardunari buruzko informazio jakin bat "sailkatutzat" jotzeko. Aipatutako akordio horiek "sekretu ofizialei" buruzko lege frankista daukate oinarritzat, indarrean jarraitzen baitu gaur egun.

Poliziaren lana sekretupean mantentzeko akordioetako bat da 1996an Felipe Gonzalezen (PSOE) gobernuak indarrean sartutakoa. Agindu zuen ezkutua izan zedila "borroka antiterroristan erabilitako egitura, antolakuntza, baliabideak eta teknika operatiboak". 2014an, "antolatutako delinkuentziari" buruzko jarduna gehitu zion horri Mariano Rajoyren (PP) gobernuak.

EZ DAGO IRUZKINIK