Frantziako Gobernuko Barne ministroa, Bruno Retailleau, aurreko ostiralean izan zen Lapurdiko kostaldean. Polizia-indarren hainbat komisaria bisitatu zituen, eta Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) lotzen dituen mugan gobernuak pertsona migratzaileen aurka abiatutako operazioaren inguruan jardun zuen. Bere bisita diplomatikoan jakinarazi zuenez, gobernuak beste sei hilabetez luzatuko du mugako kontrolen zorroztea, bi argudio nagusirekin: ustezko "mehatxu terroristari" aurre egitea eta migrazio-fluxua kontrolatzea. Hain zuzen ere, helburu horri erantzuteko zelula bat sortu omen du Parisek, eta Ipar Euskal Herrian martxan izango da, EITBren arabera.
Retailleauren bisita dela-eta, pertsona migranteen aurkako neurriak salatzeko protesta bat izan zen Miarritzen (Lapurdi), bertako kasinoan egin baitzuen ekitaldi bat ministroak. Etorkinekiko elkartasuna aldarrikatu zuten eta jarrera arrazistak salatu zituzten, martxoaren 22an Baionan egindako manifestazioan nabarmendu bezala. Orduan, gogora ekarri zuten Retailleauk, adibidez, "paperezko frantses" deitu izan diela migratutako pertsonei. "Frantziako Estatuaren migrazio politika hilgarriak gogortu ditu bere kargua hartu bezain fite", adierazi zuten.
Mugen gogortzea Frantziako Gobernuaren partetik
Frantziako Gobernua behin eta berriz ari da, immigrazioaren kontra, mugetako kontrolak gogortzen. Izan ere, oraintsu iragarritakoa luzapen bat besterik ez da berez. Iazko urrian esan zuten gobernuak kontrolak areagotuko zituela 2024ko azaroaren 1etik 2025eko apirilaren 30era bitartean, ohikoak bilakatu diren hainbat aitzakia erabilita: defendatu zuen legez kontrako immigrazioak eta "migrazio irregularra errazten duten sare delitugileen presentziak" gora egin zutela, eta "politika publikoa, ordena publikoa eta barne-segurtasuna larriki arriskuan" zeudela, ustezko "jarduera terroristen" ondorioz. Orain egin duen bezala, beraz.
Aldi berean, zenbait hilabete lehenago ere kontrolak zorroztu zituen Frantziako Gobernuak: udan jokatutako Olinpiadak zirela-eta, kontrol-neurriak areagotu zituen uztailaren bukaeratik abuztuaren erdialdera bitartean.