“Behar zuenarentzat bizitoki bilakatzea”, grin horrek abiatu zuen 2013an Mozolomendiko proiektua. “Espekulazio eta merkatuaren gainetik, bizitzeko aterpe bat izatea oinarrizko behar bat da, eta okupazioa horretarako tresna”, azaldu zuten Mozolomendikoek 2017an argitaratutako komunikatuan. 2013an jarri zuten martxan proiektua Lekeition: pertsona bat aterperik gabe geratzeko arriskuan zegoen, eta “egoera gordin” horren aurrean, Maisu-Maistren etxe hutsetako batzuk okupatu zituzten. Egun hiru etxebizitzak osatzen dute Mozolomendiko etxebizitza okupatuen proiektua.
Proiektua abiatu zutenetik, hamaika izan dira bertako kideek Lekeitioko Udalaren partetik jasan dituzten erasoak, besteak beste, etxe kaleratze saiakerak. Esate baterako, udalak Mozolomendiko bi bizilagun kaleratzeko asmoa agertu zuen 2018an, Mozolomendiko eraikinen zati batean Helduentzako Hezkuntza Ikastetxeko eskolak ematen direnez, espazio hori handitzeko eta ikasgela gehiago egiteko aitzakiapean. Azken hilabeteetan ere egin dituzte saiakerak.
Egoera horren aurrean, martxoaren 23an, larunbata, Lekeitiko hamar eragileren babesa jaso zuen Mozolomendiko proiektuak: Langileon Elkartasun Sarea, Lekeitioko Ikasle Abertzaleak, Lekitxoko Gazte Asanbladia, Potxuak Martxan, Mozolomendiko bizilagunak, Ernai, Ongi Etorri Errefuxiatuak, senegaldar talde bat, EH Bildu eta Sortu. Agerraldi masibo bat egin zuten Lekeitioko udaletxe aurrean, eta zenbait eskaera egin zizkioten udalari.
Hiru eskaera Lekeitioko Udalari
Hona hemen aipatutako eragileetako kideek Lekeitioko Udalari egindako hiru eskaera zehatzak:
Eskaera horiek bete arte eta aldarrikapenak kalera ateratzeko asmoz, mobilizazioak egingo dituztela iragarri zuten. Mozolomendiko etxebizitzei babesa adierazteaz gain, “hutsik dauden etxebizitzak beteko dituzten antzeko proiektuen hedapena ongietorria” izango dela nabarmendu zuten.