Gaur goizean, EH Bilduk triunfalismoz iragarri du "Mozal Legea indargabetzea" adostu duela Espainiako Gobernuarekin. Askotariko talde parlamentarioek egin dute promes hori azken urteetan, baina ia hamarkada bat igaro da jadanik PPk Mozal Legea ezarri zuenetik, eta indarrean jarraitzen du: hainbat emendakin eta aldaketa besterik ez dizkiote egin oraingoz, azkenekoz, joan den udan.
Eta oraingoan ere, lege zapaltzaile hori deuseztatzetik urrun, hura erreformatzearen alde egin dute gobernuak eta bere euskal aliatuek. Gobernuarekin lortutako akordioaren berri eman dute oraintxe EH Bilduko Jon Iñarritu sionistak eta Mertxe Aizpuruak, eta argitu dute Mozal Legeko lau artikulu aldatzea adostu dutela. Aizpuruaren esanetan, lau puntu horiek ukituta, legearen "neurri kaltegarri guztiak" geratuko dira bertan behera.
Honakoak dira erreforma berriak aldatuko dituen puntuak: gomazko piloten erabilera, polizia-agenteekiko "desobedientzia", haiekiko "errespetu falta", eta pertsona migranteen deportazio azkarrak Espainiako Estatuko mugetan.
Poliziaren armak ez daitezela "hain kaltegarriak" izan
Gomazko piloten erabilerari dagokionez, EH Bilduk esan du "modu progresiboan" erretiratuko dituztela erreformaren bitartez (ez du eperik aipatu), pilota horiek "hain kaltegarriak ez diren materialekin" ordezkatzeko. Ez du zehaztu, dena den, zeintzuk diren material ez "hain kaltegarriak": azaldu duen bakarra izan da arma horiek ezingo dutela "kalte konponezinik" eragin.
Iñarrituk esan du "XX. mendeko materiala" direla gomazko pilotak, besteak beste, zaila omen delako arma horien "ibilbidea kontrolatzea". EH Bilduko hautetsiak gaineratu du "nazioarteko estandarrei" erantzun behar dietela Poliziaren protokoloek, "giza-eskubideak errespetatzeaz" gain.
Zenbait lurraldetan, gomazko pilotak "hain kaltegarritzat" jotzen ez diren materialekin ordezkatu dituzte dagoeneko. EAEn, adibidez, horregatik ekin zion Ertzaintzak foam jaurtigaiak erabiltzeari. Hala ere, begi bistakoa da zer nolako kalteak eragin ditzakeen arma horrek ere. Azken hilabeteetan, hainbat lagun zauritu dituzte ertzainek foam jaurtigaiekin: hiru lagun Tolosako (Gipuzkoa) Inauterietan, eta beste hiru pertsona Donostian (Gipuzkoa), martxoaren 5ean.
Errespetua eta barkamena polizia-agenteei
Poliziarekiko "desobedientziari" eta "errespetu faltari" buruzko artikuluak ere erreformatuko dituzte. Aurrerantzean ere zigortuko dute polizia-agenteekiko "desobedientzia", baina arau-hauste larritzat jo beharrean, arau-hauste arintzat joko omen dute.
Guztiz zehaztu ez duen arren, Iñarrituk aurreratu du zer hartuko litzatekeen "desobedientzia" modura: agintaritzaren batek norbaiti "legalitateari egokitutako agindu bat" ematean, hark "ezezko argi bat" adieraztea; alegia, "ezezko nabari bat" ematea "arautegiaren araberako agindu legal bati", esaterako, "gorputz-erresistentziaren" bidez.
Bestalde, polizia-agenteekiko "errespetu falta" ere zigortzen segituko dute. Dena den, ustezko berrikuntza modura, aurrerantzean "irainak" baino ezingo omen dira hartu "errespetu falta" gisa; zerbait "esanguratsua", bederen, nahiz eta ez duten argitu zer izango litzatekeen "esanguratsua". Eta "arrazoi objektiboen" arabera zigortuko omen dira agenteekiko "errespetu faltak", "subjektibotasunarekin amaitzeko".
Pertsona batek ustez polizia bat iraintzen badu baina, gero, esandakoa "atzera botatzen" badu, bere kontrako zigorra erretiratuko omen dute. Aldaketa hori "adierazpen askatasunaren" aldeko neurri modura aldarrikatu du Iñarrituk.
Deportazioak mugetan
Mugetako deportazio azkarrei buruz ere jardun dute erreforma iragartzean. Antza denez, Atzerritartasun Legea aldatu nahi dute laster, eta pausoak emango omen dituzte mugetan "giza-irizpideak" jarraitu daitezen pertsona migranteekin. Ondoko asmoa agertu dute gobernuak eta bere aliatuek: migrante guztiek izatea aukera, mugetan, "gaitutako postu" batzuetara jotzeko, kanporatuak izan aurretik. Postu horietan, berez, pertsona bakoitzaren egoera aztertuko litzateke, "asilo-eskatzaile posibleak" identifikatzeko.
Gaur egun badira halako postuak martxan, adibidez, Ceutan eta Melillan. Marokoko agintaritzek, baina, sarri ukatzen diete migranteei kokaleku horietara joatea.
Gaur-gaurkoz ere, teorian, Espainiako Estatua behartuta dago pertsona migrante bakoitzaren egoera zehatza aztertzera, babesa behar duten "asilo-eskatzaile potentzialak" atzemateko.