AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Josep Lago/AFP
2024/05/23 17:29

Une honetan, artxibatuta dago 2021ean gazte bat zauritu zuten mossoen aurkako auzia. Pablo Haselen kartzelaratzea salatzeko mobilizazio batean izan zen, Bartzelonan, urte horretako otsailaren 16an: beste hamaika aldiz egin bezala, manifestarien kontra oldartu zen Polizia, besteak beste, foam jaurtigaiak botata.

Hainbat pertsona zauritu zituzten mossoek, tartean, 19 urteko emakume bat. Foam jaurtigai batekin jo zuten, eta zauri larriak eragin zizkioten. Ondorioz, begi bat galdu zuen neskak. Orduan azaldu zuenez, polizia-lerrotik 20 metroko distantziara zegoen.

Pertsona horrek salaketa bat jarri zuen epaitegian, eta, salaketa hori zela-eta, hiru polizia-agenteren kontra ireki zuten auzi bat (foam jaurtigaiak botatzen zituzten bi eskopetero eta euren arduraduna). Bartzelonako Instrukzioko 1. zenbakiko Auzitegiak erabaki du, dena den, hura atzera botatzea eta artxibatzea: errugabetu egin ditu auzian seinalatutako hiru mossoak.

Gainera, aipatutako auzitegiko titularrak, Joaquin Agirrek, errua egotzi dio Poliziak zauritutako gazteari: Haselen espetxeratzearen kontrako protestak eta, orokorrean, manifestatzea kriminalizatu du, eta poliziak babestu ditu. "Gertakari horiek Euskal Herrian izan balira, ETArekin su-etena ezarri aurretik, ekintza terroristatzat joko ziratekeen", adierazi du.

Epaileak autoan dio biktimak "arriskuan" jarri zuela bere burua, protesta batera batzean. "Horrek esan nahi du manifestatzea ez dela segurua?", galdegin du, baina, begia galdu zuen pertsonak. Agirreren arabera, ikertutako mossoek ez zuten "intentzionalitate" batekin jardun polizia-kargan, eta ez zen "arduragabekeriarik" egon euren aldetik. Nabarmentzen du, hala, "proportzionatua" izan zela mossoen esku-hartze bortitza.

Hala ere, auzia berriz ireki dezatela eskatu du zauritua izan zen emakumeak: helegitea aurkeztu dute bai akusazio partikularrak bai herri-akusazioak (Iridia zentroa). "Istiluen testuingurua dela-eta, argudio guztiak polizia-jarduera justifikatzera bideratuta daude, edozein dela ere", jasotzen du helegiteak.

Foam jaurtigaiak eta mutilazioak

2014ko apiriletik, mossoek debekatuta daukate gomazko pilotak erabiltzea. Kataluniako Parlamentuak hartu zuen erabakia, 2012an Esther Quintana bartzelonarrak begia galdu ostean, mossoek gomazko pilota batekin jo ondoren. Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari ez zieten debeku hori jarri, baina bai polizia-indar autonomikoari. Hori dela-eta, foam jaurtigaiak erabiltzeari ekin zion azken horrek.

40 milimetroko diametroa daukate foam jaurtigaiek, eta material biskoelastikoarekin daude eginda. Indarrean sartu zirenetik, berezitasun modura, arma horien zehaztasuna nabarmendu izan dute. Ondokoa argitaratu zuen Diario-k 2021ean: "Zehastasunezko jaurtigai bat denez, eragiten dituen lesioak zuzeneko inpaktu baten ondoriozkoak dira, eta ez kontrolik gabeko errebote baten ondoriozkoak".

EZ DAGO IRUZKINIK