AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / SETA
2025/06/02 16:52

Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzek negoziazio-txanda berri bat hasi dute astelehen honetan Istanbulen, Turkiako eta Ukrainako gobernuetako iturri ofizialek baieztatu dutenez. Bilera Ziragan Jauregian egin dute, Hakan Fidan Turkiako Kanpo Arazoetako ministroa buru zela, Ukrainak base militar errusiarren aurkako aire-eraso sofistikatu bat gauzatu eta biharamunean. Ukrainako segurtasun-zerbitzuek "eskala handiko" operaziotzat jo dute drone bidez egindako azken erasoa, Siberiako instalazioetara iritsi dena eta hegazkin militar batzuk kaltetu dituena.

Vladimir Medinski Errusiako negoziazio-buruak baieztatu du Errusiako ordezkaritzak Ukrainaren memoranduma jaso zuela, gatazkaren amaierari buruzko bere ikuspegiarekin. Oraingoz ez dute argitu ea Errusiak bere baldintzei buruzko dokumentu propio bat eman ote dion Ukrainari, gaurko bileraren aurretik.

Negoziazioen bigarren txanda honetan, Errusiako ordezkaritza gidatzen du Medinskik berak, eta Ukrainakoa berriz, Rustem Umerov Defentsa ministroak. EFE agentziaren arabera, Kievek bilera baino hamabi ordu lehenago eman du gatazka konpontzeko bere proposamena, ukraineraz eta ingelesez, baina Moskuk ez du aldez aurretik partekatu ea zeintzuk diren su-etenerako bere baldintzak. "Baldintzarik gabeko su-etena, presoak askatzea eta Errusiara mugitutako adingabeak itzultzea" bezalako eskaerak errepikatu ditu Ukrainak, eta Errusiak, berriz, Ukrainak NATOri uko egitea eta hartutako lurraldeak lagatzea eskatu du.

Ukrainako taldea Alemaniako, Italiako eta Erresuma Batuko funtzionarioekin bildu da aurretik, bilera egin baino lehen, jarrerak "koordinatzeko". Aurreko elkarrizketa txanda, maiatzaren 16an hiri berean egin zena, aurrerapen esanguratsurik gabe amaitu zen, eta presoak trukatzeko akordio bat soilik adostu zuten. Badirudi bi aldeen jarrerak urrun daudela, eta Alemaniako DW kate publikoaren arabera, "adostasuna lortu beharrean, proposamen bereizirik gabe eta bide-orri komunik gabe itzuli dira mahaira ordezkaritzak". Turkiako bitartekaritzaren helburua "hurbilketa erraztea" omen da, baina orain arte ez dute emaitza zehatzik iragarri.

EZ DAGO IRUZKINIK