AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EITB
2025/07/12 08:40

Mondragon taldeak, beste aldi batez, 2024. urtea 632 milioi euroko irabaziekin amaitu duela jakinarazi du, joan den asteazkenean Gasteizen (Araba) izandako kongresuan. Aurreko urtean baino %6,5 gehiago da hori. Horrez gain, salmentek ere gora egin dutela aipatu zuen Pello Rodriguez kontseilu-buruak, 11.213 milioi eurora iritsi arte.

Industria da jardunean garrantzia handienetakoa izan duena. Azken urtean, taldeak izandako salmenten %45 zuzenean industriatik eratorria izan da, 5.020 milioi euroko salmentak eta 267 milioi euroko irabaziak izan baititu hor Mondragonek. Salmenten barruan, deigarria da %73 kanpo-merkatuetan izan direla, eta, horri segika, industriako langileen %35,6k deslokalizatutako lantegietan dihardutela. Taldeak egindako inbertsioei dagokienez, industriara 200 milioi bideratu ditu 2024an, eta azken bost urteetan 903 milioi metatu ditu sektorean.

Gobernuetatik zein instituzioetatik defentsarako aurrekontuak zein industria militarrerako diru-laguntzak neurririk gabe hazten ari diren honetan, ez da salbuespenezko kasua Mondragonena. Taldearen parte diren enpresek "defentsan" duten parte-hartzeaz galdetzean, Rodriguezek zioen Mondragonek ez duela "zuzenean armagintzako edo balistikako proiektuetan parte hartuko", nahiz eta zibersegurtasunaren munduan eragin-esparrua handitu nahi dutela onartu.

Baieztapen horiek, ordea, zuzenean kontraesanean sartzen dira Mondragoneko zenbait enpresak aeronautikako edo zuzeneko armagintzako enpresekin dituzten proiektuei erreparatzen bazaie. Zentzu horretan, bereziki aipagarriak dira, momentu honetan, Israelgo Estatuko bost konpainiari lotutako eta arlo militarrera bideratutako proiektuak.

Horien artean, Israel Aerospace Industries (Israelgo defentsa-kontratista handienetako bat, eta mundu mailako 35. arma saltzailerik garrantzitsuena) bezalako izenak ikus daitezke. Izan ere, Mondragonek 20 urte baino gehiago daramatza konpainia horrekin harreman komertzialak mantentzen. Proiektu horiei esker bakarrik, taldea osatzen duten hainbat enpresak 3,18 milioi euro jaso dituzte Europako instituzioetatik.

EZ DAGO IRUZKINIK