Autoglas-Glavista enpresako konkurtso-administratzaileak epaitegietan aurkeztu duen espedientearen arabera, Laudioko (Araba) lantokia zarratu eta 240 beharginak kalera bidali nahi ditu. Neurriari aurre egiteko, protestei ekin diete langileek: fabrikan itxi ziren aurreko asteazkenean, eta mobilizazioak antolatzen hasi dira.
Aurreko ostiralean, Laudioko kaleetara eraman zituzten euren salaketak eta aldarriak, manifestazio jendetsu baten bidez. Guardian errudun, Glavista borrokan! lelopean atera ziren kalera beharginak, ehunka lagunen babesarekin. Elkartasun modura, pertsianak jaitsi zituzten hainbat lantokitan.
Guardian taldearen (automobilgintzarako haizetakoak ekoizten ditu)
parte zen lehen Autoglas-Glavista fabrika. 2020an, baina, enpresa Parter Capital
putre funtsari saldu zion Guardianek. Autoglas-Glavistarena "itxiera programatu eta telegidatu" bat izan dela uste dute langileek, eta Guardianen erantzukizuna seinalatzen jarraitzen dute.