Pentagonoak infanteriako 1.500 soldadu ingururi agindu die prestatu daitezela, Minnesotako estatuan esku-hartze posible bat egiteko. Klima hotzetako operazioetan espezializatuta daude militar horiek, eta Alaskan basea duen 11. Dibisio Aerotransportatuaren parte dira. Donald Trump presidenteak mehatxu egin du: armada hedatzeko asmoz, Matxinada Lege beldurgarrira jo dezakeela dio, Minnesotako agintariek "manifestariak atxilotzen ez badituzte". Izan ere, gora egin dute Immigrazio eta Aduanen Kontrolerako Taldearen (ICE) aurkako protestek.
Pentagonoko bozeramaile Sean Parnellek Reuters-i adierazi dionez, "Gerra Departamentua beti prest dago komandanteburuaren aginduak betetzeko, hala eskatzen badiote". Militarren hedapena prestatzeko agindua, hala, muturreko tentsio-testuinguru batean heldu da: gobernu federalak, orain arte, "Trumpen Gestapoko" eta Mugako Patruilako 3.000 agente inguru mobililizatu ditu bertan.
Protesta masiboak eta liskarrak ICEk Renee Good erail ostean piztu dira. Jonathan Ross ICEko agenteak hil zuen tiroz Good, urtarrilaren 7an. Jacob Frey Minneapolisko alkateak NBC-n esan zuen edozein hedapen militar "pauso harrigarri" bat izango litzatekeela: "Ez dugu agente federal gehiagorik behar jendea salbu mantentzeko. Salbu gaude". Bestalde, Kristi Noem Segurtasun Nazionaleko idazkariak CBS-n iradoki zuen Freyk "protesta baketsuko gune bat" ezartzeko aukera izango lukeela.
Pentagonoa mobilizatzen ari den bitartean, ICEren sarekadek izua zabaltzen jarraitzen dute migratzaileen tokiko komunitateen artean. Reuters-ek dokumentatu duenez, agente armatuak atzo sartu ziren St. Pauleko etxe batera eta hmong komunitateko gizon bat atera zuten indarrez (Vietnamgo gerraren ondoren Laosetik migratu zuena), lekukoek bozinak jo eta oihu egiten zieten bitartean. Agentzia horren arabera, hiru egun lehenago, agente federalek Willmarreko jatetxe mexikar bateko hiru langile atxilotu zituzten bertan bazkaldu eta ordu batzuetara. Trumpek behin eta berriz erabili du Minnesotako laguntza sozialen desbideratzeari buruzko ustezko eskandalu bat, agenteak hara bidaltzea justifikatzeko. Berak eta bere administrazioak estatuko migratzaile somaliarren komunitatea jarri dute jomugan, batik bat.
Tim Walz Minnesotako gobernadoreak Guardia Nazionala mobilizatu du jada (Justizia Departamentuak ikerketa kriminal bat dauka martxan haren aurka). Trumpek proposatutako gorakada militarrak inflexio-puntu arriskutsu bat markatzen du, tropa aktiboak barne-mailako esku-hartze baterako prestatzeari dagokionez. Neurri horrek tokiko agintarien aho bateko gaitzespena eragin du, beldur-giro baten eta komunitate espezifikoen aurkako sarekaden erdian.